Síguenos en redes sociales:

“Lehen ez zegoen ingurumenarekiko kontzientziarik”

Ingurumenaren Nazioarteko Egunak 50 urte betetzen dituen honetan, ingurumen-kontzientziaren bilakaerari buruz mintzatu gara 50 urte bete dituzten hiru gipuzkoarrekin

“Lehen ez zegoen ingurumenarekiko kontzientziarik”Unsplash

50 urte bete dira Ingurumenaren Nazioarteko Eguna lehen aldiz ospatu zenetik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak urtebete lehenago, 1972an, ezarri zuen eta. Egun honen ospakizuna ingurumen-dibulgaziorako munduko plataformarik handiena da, eta gaur egun mundu osoan milioika pertsonak ekimenarekin bat egiten dute. Baina, bazen duela mende erdi gaur egun dugun ingurumen-kontzientzia? 50 urte inguru dituzten Esther Fernández pasaitarrak, Andoni A. elgoibartarrak eta Laida Bastida donostiarrak argi dute: ez. Haiek txikiak zirenean ez zegoela inolako kontzientziarik diote, ez etxean, ezta ikastetxean ere. “Ez zegoen halakorik, inon ez zen hitz egiten ingurumen-kontzientziaz”, gogoratzen dute.

“Duela 50 urte ez zen ingurumen-kontzientziaz hitz egiten, ez etxean, ez ikastetxeetan”

Dena dela, hirurek ere adierazi dute beren etxeetan beti irakatsi dietela natura zaintzearen garrantzia. Fernandezek argi dauka Jaizkibel mendia beti izan dela asko maite izan duten eta zaindu behar duten zerbait, “baina ez gaur egun egiten den bezala”. Era berean, Andonik eta Bastidak txikitatik mendira asko joan direla diote, eta gurasoek beti esan dietela zaborra beraiekin etxera bueltan eraman behar zutela, baita kalean ezin zirela paperak, txikleak edo bestelakoak lurrera bota.

“Aldi berean, egia da lehen askoz plastiko eta bestelako hondakin gutxiago sortzen genituela”

Hala ere, gaur egun gure egunerokoan oso finkatuta dauden beste gauza batzuk, birziklatzea esaterako, duela berrogeita hamar urte imajinaezinak zirela onartzen dute. Egia da, era berean, garai horretan askoz hondakin gutxiago sortzen zirela. Izan ere, Andonik gogoratzen duen bezala, “esneketaria etxera zetorren eta esnea zuzenean kazuelan hartzen genuen, edo arrautzak erosteko dendara gure zestoarekin joaten ginen. Gaur egun a granel bezala ezagu-tzen dugun hura askoz ere gehiago kontsumi-tzen zen, ez zeuden hainbeste tetrabrik eta bestelako ontzi eta paketeak”.

Gainera, Elgoibarren organikoa bereiztea ohikoa zela dio: “Jende guztiak zuen baserria zuen lagunen bat, eta askotan organikoa txerrientzat gordetzen zen. Baina bestelako hondakinak ez ziren bereizten, ez kartoia, ez plastikoa”.

“Unibertsitatean nengoenean, orain dela ia 30 urte hasi zen birziklatzearen inguruko mugimendu hura”

Ingurumen-kontzientzia izateari buruzko lehen oroitzapenei dagokienez, Andoni eta Fernández bat datoz euren unibertsitateko garaian izan zela adieraztean. “Esango nuke orduan hasi zela birziklapenaren inguruko mugimendu hura, baina, hala ere, kontenedoreen kontua askoz ere beranduago iritsi zen”, dio lehenengoak. 

“Madrilen bizi izanak hemen dugun inguru naturala baloratzen eta zaindu behar dugulaz jabetzen lagundu zidan”

Bestalde, ikasketak amaitu ondoren, Fernández Madrilera joan zen master bat ikastera, eta han ingurumen-kontzientziari dagokionez mugimendu handiagoa zegoela ikusi zuela azaldu du. “Nire inguruan, behintzat, kontzientzia gehiago ikusi nuen. Birziklapenaz eta hondakinen bereizketaz hitz egin zidaten, eta horrela hasi nintzen ni ere. Gainera, hainbeste kutsadura zegoen hiri handi batean bizitzeak hemen dugun ingurune naturala baloratzen eta zaindu egin behar dugulaz jabetzen lagundu zidan”.

Bastidak dio duela 18 urte hasi zela ingurumenari garrantzi handiagoa ematen, Usurbilera bizitzera joan zenean, eta uste du orduan hasi zela birziklatzen.

Ordutik, hirurak ohitura iraunkorragoetarantz eboluzionatzen joan dira. Hala eta guztiz ere, badakite ingurumen-kontzientzia birziklatzea baino askoz gehiago dela. Zentzu horretan, Bastidak uste du bera eta bere inguruko jendea pixka bat trabatuta geratu direla birziklapenaren kontuan. “Neurri batzuk inposatuta datozkigu, hala nola plastikozko poltsengatik ordaindu behar izatea edo dendak tiketak paperean emateari uztea, kontzientzia sortzen laguntzen dutenak. Baina guk geuk gauza asko egin genitzakeela uste dut. Horien artean, arropa birziklatua erostea, gero eta gehiago ikusten den zerbait, baina nire inguruan egiten ez dena”.

“Politikariek ingurumena zaintzeaz hitz egiten digute eta gero haiek beren bileretara hegazkin pribatuetan joaten dira”

Halaber, Bastidak aitortzen du arrazoi desberdinengatik, hala nola denbora faltagatik, askotan errazenera jotzen dugula, adibidez erosketak supermerkatu handi batean egitea, tokiko dendetan egin beharrean.

Ohiturak aldatzea

Azken urteotan ohitura berriak hartu dituela dio Andonik. Horien artean, kotxea gutxiago erabiltzen saiatzea, bertako produktu gehiago erostea, kosmetika naturala erabiltzea, eta abar. Fernándezek ere ohitura horietako ba-tzuk hartu ditu azkenaldian. Guztiarekin ere, bai beraiek, baita Bastidak ere, badakite askoz gehiago egin zezaketela. 

Fernandezek, adibidez, teknologia berrien erabilera ingurumenerako kaltegarria dela azpimarratzen du, mugikorrak eta bestelako gailuak fabrikatzeko erabiltzen diren materialengatik, esaterako. Halaber, agerian uzten du denek bidaiatu nahi dugula, hegazkinek asko kutsatzen dutela kontuan izan gabe. Zentzu horretan, denok askoz gehiago egin genezakeela dio, baina ez gaudela prest gure erosotasuna sakrifikatzeko.

“Gure esku egin daitezkeen gauza asko daude, baina enpresek eta gobernuek ere askoz ere gehiago egin behar dute”

Andonik eta Bastidak gure esku dauden gauza asko daudela uste dute, baina adierazi dute enpresek eta gobernuek askoz gehiago egin beharko luketela. “Fabriketan hainbeste plastiko erabiliko ez balituzte paketeak eta bestelakoak egiterako orduan, gure etxera ez litzateke mota honetako hainbeste material iritsiko, eta, beraz, ez genuke hainbeste plastiko birziklatu beharko”.

“Politikariek ingurumena zaintzeaz hitz egiten digute eta gero haiek beren bileretara hegazkin pribatuetan joaten dira”

Gainera, politikari eta agintariak eredu izan behar luketela azpimarratzen dute. “Ingurumena zaintzeaz hitz egiten digute, eta gero haiek beren bileretara autoetan, helikopteroetan eta hegazkin pribatuetan joaten dira”.

Guztion esku dagoen aldaketa

Etorkizunera begira, ingurumena zaintzeko gauza gehiago egiten saiatuko dira. Adibidez, Bastidari asko gustatuko litzaioke hondar-tzak eta bestelako ingurune naturalak garbi-tzeko ekimenetan parte hartzea. Izan ere, uste du kanpaina horiek oso erabilgarriak direla, ez bakarrik ingurumenerako onuragarriak direlako, baita herritarrak kontzientziatzeko balio dutelako ere. Topaketa hauetan parte hartzea egiteke dagoen zeregina duela dio. Halaber, badaki etxean tokiko produktuen kontsumoari garrantzi handiagoa eman beharko lioketela.

Fernandezek, bere aldetik, gizartean, orokorrean, azken berrogeita hamar urteetan izan den bilakaera handia azpimarratzen du, eta oso positibotzat jotzen du etxean birziklatzeko ontziak izatea, esaterako, bera txikia zenean imajinatu ere ezin zuen zerbait zela, eta, hala ere, orain oso normala iruditzen zaiola, bai berari, bai bere gurasoei. Aldi berean, badaki askoz gauza gehiago egin ditzakegula, agian oraindik ezagutzen ez ditugunak. Baina bera horiek deskubritzeko prest dago.

Azkenik, atzetik datozen belaunaldiei begira, hirurek uste dute ingurumen-kontzien-tzia askoz gehiago dagoela hezkuntzan eta gizarte osoan. Horregatik, azken mende erdian ingurumen-kontzientzia garatzen eta finkatzen joan den bezala, etorkizunean gizartean erabat integratuta egongo den eta planetarentzat benetan onuragarria izango den itxaropena dute.