Euskararen aldeko aldarrikapena egiteko atzo Ondarroara gerturatu ziren milaka lagunen artean turrun hotsa nagusi izan zen. Zubi Zahar ikastolak antolatutako ibilaldian giroa apartekoa izan zen egun osoan zehar. Lehen bisitariak goizean goiz iritsi ziren eta, pixkanaka, bost kilometroan zehar lau gune zituen ibilbidea lepo betetzen hasi zen. Eguraldi kaskarraren iragarpena egon arren ez zuen euririk egin eta egunak ateri eutsi zion, goizaldean hodeitsu eta arratsaldean eguzki izpi goxoen pean. Adin guztietako euskaltzaleek egitarauko ekitaldi ugarietan gogotik parte hartu zuten, norberak bere ekarpena eginez. Ondarroako ikastolaren beharrizanei lagundu asmoz. Bestalde, datorren urteko ibilaldia Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko duela ere iragarri zuten.

Zubi Zahar ikastolan kokatu zen lehen gunea, eta egun guztian zehar ehundaka lagun bertaratu ziren.

“Bizkaiko ikastolen jai handia, handia izan da benetan, gaur, Ondarroan. Horixe da egin dezakegun baloraziorik baikorrena. Amesten genuen eguna bete zaigu”, adierazi zuten antolakuntzatik eguerdi aldera. Bertako euskalkiari keinu egin nahi izan dio Ondarroako ikastolak aurten. “Herrian ibilaldixe esaten dugu, eta, horregatik, Xe da aurtengo leloa. Ondarroan horrela hitz egiten dugulako”, azaldu zuen Eider Galarragak, Zubi Zahar ikastolako lehendakariak, ibilbideari hasiera emateko ekitaldian. Aurten, gainera, oso ingurune euskaldunean ospatu da, Eustateko 2021eko datuen arabera, ondarroarren %76,6 euskaldunak direlako.

“Hezkuntza bera eta hezkuntzari lotutako erronkak gizarte osoaren erronkak dira”, azpimarratu zuen irekiera ekitaldian Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak. Bere esanetan, elkarlanean dago “benetako” indarra. Euskararen ezagutza “etengabe” hazten ari dela ziurtatu zuen. Inolaz ere, kalitatezko euskara bultzatzen jarraitu behar dela defendatu nahi izan zuen. Ikastolen eredua aldarrikatzeko baliatu zen ekitaldi horretan presente izan ziren, Elixabete Etxanobe, EAJren diputatu nagusirako hautagaia, baita Zunbeltz Bedialauneta eta Juan Mari Aburto, Ondarroa eta Bilboko alkateak ere.

Aurten astebete aurreratu da ibilaldia, datorren asteburuko hauteskunde egunarekin bat egin ez zezan, eta horregatik Urdulizeko Bizkaiko Dantzari Egunarekin kointziditu du. Hala ere, jendea erruz etorri da, eta ikastolan bertan kokatutako lehen gunean ehunka pertsona bildu dira goizeko lehen ordutik. Zirku ikuskizunaren ondoren, unerik jendetsuena haurrentzako berariaz programatutako Goazen! saioaren ikuskizuna izan zen. “Ikusteko irrikatan zegoen”, esan zigun Aitorrek, seme txikia sorbaldan zeramala: “Telebistan ikusten dituen bakoitzean saltoka hasten da, nola ez ginen ba etorriko!”. Bilbotik autobusean hartuta hurbildu den familia hau urtero joaten da Bizkaiko herri ezberdinetan ospatzen den jaialdira. “Gaztetxoa nintzenetik etortzen naiz. Nola-hala, euskara babestu beharra dago”, gaineratu zuen Aitorrek. l