Zaporeak elkarteak bazkideak erakartzeko kanpaina berria abian jarri du, Greziako Lesbos errefuxiatu-gunean beharrizanak areagotu ahala. Egunero 1.800 janari-anoa ematetik 2.031 ematera pasa dira GKEko kideak, eta euren ahalbidearen "topera" iritsi dira.

Gastronomia eta kirol munduko pertsona ezagunek bat egingo dute kanpaina horrekin. Hasiera ostegun honetan bertan eman zaio Donostian eskainitako prentsaurrekoarekin, eta uztailaren 2an Intxaurrondon amaituko da, Koxk ekitaldiaren edizio berriarekin.

"Ekitaldi solidario eta gastronomiko horrek ederki asko erakusten du nor garen eta gauzak nola egiten ditugun", azpimarratu du Zaporeak elkarteak ohar batean.

Bideo horiek argitaratuz, oraingoz izenik aurreratu ez duten pertsonaia ezagun horiek, Lesbosen bizi den egoerari "ikusgarritasuna" ematen lagunduko diote Zaporeak elkarteari, "azken aste hauetan aldaketa handia sumatu dugulako”.

"Egunero ematen ditugun errazio kopurua 2.031ra igo dugu, eremuan dagoeneko 2800 bizilagun daudelako; kontuan izan, aurreko hilabeteetan 1.800 banatzen genituela. Lesboseko sutegiek kozinatu dezaketenaren ahalmenaren topera iritsi bagara ere, pertsona errefuxiatu ugari geratzen dira elikagairik gabe oraindik, horregatik, errefuxiatu-eremu osoa hornitzeko moduak pentsatzen ari gara ", azaldu dute elkarteko bozeramaileek.

Horretarako, Zaporeak elkarteak "berriro ere, gizartearen inplikazioa" behar du. "Jende gehiagorengana iritsi nahi dugu, beraz, Lesboseko sukaldearen azpiegitura aldatu beharko dugu, Greziara bidaltzen ditugun elikagaien kopurua handitu, eta ekitaldi gehiago antolatu gastuak estali eta finantzaketa nahikoa izateko. Horregatik da ezinbestekoa kanpainari bultzada garrantzitsua ematea", azpimarratu dute.

Dagoeneko antolatu dituzten ekitaldien artean honako hauek daude: maiatzaren 26an Donostiako Doka aretoan kontzertu solidarioa, ekainaren 8an Bilbon Solange eta ibiltaria antzezlanaren aurkezpena, eta ekainaren 3an Gasteizen bazkari herrikoia.