Erretzaileen %60-90ek ohiko tabakoa eta lurrungailu deiturikoak txandaka erabiltzen dituzte, gailu horiek –nikotinarik izan ala ez– zigarroa bezain kaltegarriak eta minbizi-eragileak direla aintzat hartu gabe, aldarrikatu du Andrés Zamorano Tabakismoaren Prebentziorako Batzorde Nazionaleko (CNPT) presidenteak.

Vapeatzaile izenarekin ezagun egin den zigarro elektronikoa ez da errekuntzako tabakoa baino osasuntsuagoa, eta ez da erretzeari uzteko aukera baliozkoa. Bitartean, moda elektroniko berria, litxarreri edota gominolen oso antzeko fruta-zaporeak eskainiz, azkar heda-tzen ari da oso publiko gaztean – 9 urtetik gorakoen artean –, ez eurak eta ez gurasoak osasunarentzat dituen ondorioak batere ezagutu gabe.

Mezu hori oso gordin adierazi nahi izan du Zamoranok, salatu duenez, produktu batzuk “nikotinarik gabeko” gisa saltzen direlako, nahiz eta berez baduten. Horretaz gain, izotz-kontrakoetatik (glizerina eta propilenglikola) eratorritako gai kimiko mendekotasun sortzaileak ere badituzte, dietilenglikola, baita nitrosaminak bezalako agente kar-tzinogenoak ere.

Gai kimiko eta eszipiente horien kontrako iritzia sarritan adierazi izan dute adituek eta pneumologoek, baita Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC), eta Osasun Ministerioak zabaltzen duen Drogei buruzko Plan Nazionalak berak ere.

Eta Zamoranok azpimarratu egin nahi izan du: erretzeko moda eta formatu berri guztiek dauzkate kantzerigenotzat katalogatutako substantziak.

Orain aste batzuk salatu zen, Tabakismoaren aurkako Europako Biltzarraren esparruan, nagusiki interneten eta haurrentzako bazarretan Bob Esponja bezalako marrazki bizidunetako irudiak zituzten baporeen salmenta susta-tzen ari zela, gero eta erabiltzaile gazteagoei zuzendutakoak. Kontuan izatekoa da, egungo testuinguru sozialean nikotinarekin lehen kontaktua izateko adina hamaika urtera jaistea lortu dela.

Inolako zalantzarik gabe salatu du Zamoranok, tabako-industriaren estrategia berria dela hori, tabakismoaren eta adikzioen aurkako borrokari aurre eginez. Mutur-muturreko kasuetan, produktu horiek 8 edo 9 urteko umeek erabiltzeko sustatzen omen dira, elkartean frogatu ahal izan dutenez dagoeneko jaunartzetako opari gisa erosten ari direlako.