Hausteskundeak direla eta, ohi baino astebete lehenago izango da aurten euskararen aldeko Ibilaldia. Lau gune ezberdinetan banatutako bost kilometroko ibilbidea proposatu du aurtengoan Ondarroako Zubi Zahar ikastolak antolatutako jaialdia. Antolakuntzak ez zuen gerturatuko den jende multzoaren aurreikuspenik eman atzo, baina milaka euskaltzaleren bertaratzea espero da, nahiz eta Urdulizen ospatuko den Bizkaiako Dantzari Egunarekin bat egin.

Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariaren esanetan, “ingurune euskaldunean izango da aurten Ibilaldia”. Izan ere, Eustateko 2021eko datuen arabera, Ondarroako herritarren %76,6a euskalduna da. “Hurbiltzen zareten denok aukera paregabea izango duzue euskaraz egun ederra pasatzeko”, azaldu zuen aurkezpenean. Eider Galarraga Zubi Zahar ikastolako lehendakariak, aldiz, Ibilaldia Ondarroan hirugarrenez ospatzen dela gogorarazi zuen. Aurretik 1993an eta 2011an izan zen. “Urte osoan zehar hainbat ekintza eraman dira aurrera giroa berotzeko eta euskarari eta elkarlanari bultzada emateko Xe lelopean”, argitu zuen Bañalesek eta Galarragak egun bakarreko jaia ez dela baieztatu zuen.

Azaldu zutenez, Ibilaldiak bost kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuta egongo da. Norbere gustuaren arabera, gunerik gune ibiltzeko aukera ematen da. Lehen gunea Zubi Zahar ikastolan egongo da, Zubixe izenpean. Bigarrena, berriz, Mazixe deituko da eta anexoan kokatuko da. Herrixe izango da hirugarren gunearen izena, Zeledonio eraikinaren inguruan. Azkenik, laugarren gunea, Talaxe, itsasaurrean kokatuko da. Familia guztiarentzako aproposak diren ekitaldiak ospatuko dira. Zubi Zahar ikastolako lehendakariordea den Iraitz Arantzamendik azaldu bezala, 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18 guneetan eta 8 ibiltariak. Anje Duhalde, Dupla edota Pasadena taldeak izango dira, baita Goazen ikuskizuna edota bertso saioa. Aurten, estreinako, datafono zerbitzua puntu guztietan egongo da, Ibilaldira doazen euskaltzaleei erraztasunak eskaintzeko asmoz.

Jende andana espero da Ondarroan maiatzaren 21ean. Hori dela eta, denentzako erosoago izan dadin, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin zuten antolakuntzatik. Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia jarriko dute martxan Ibilaldia dela eta: Euskotrenek Trañara zerbitzua emango du, eta handik, ordu erditik behin autobusak irtengo dira Ondarroara, 9:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era. Bestetik, lau aparkaleku egokituko dira: bi Bizkaitik datozenentzat, Gardotza industrialdean eta Cikautxo kooperatiban eta beste bi Gipuzkoatik datozenentzat, Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean. Aparkalekuetatik transbordadore zerbitzua egongo da.

Helburuak

Adierazi zutenez, Zubi Zahar ikastola 1967. urtean jaio zen Ondarroan, gurasoen irakaskuntza kooperatiba bezala. “Gure hezkuntza integrala da. Ikasleak helduarorako eta bizitza asebeteta edukitzeko prestatzen ditugu”, azaldu zuen Galarragak, euskara ardatz izanik pertsona eleaniztunak hazten dituztela azpimarratu ostean. “Aurten bost helburu izango ditu Ibilaldiak: euskara eta euskal kultura ardatz dituen ikastola herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea; hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik; eta arkitektura pedagogiko berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea”, argitu zuen Arantzamendik, aurten euskarak Iparraldean daukan egoerari ikusgarritasuna emateko asmoa dutela azaldu ostean.

Musika

  • Kantua eta melodia. Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu ditu AME estudioetan, eta abeslariak Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta izan dira. Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta euskal mariñel guztiei omenaldi txiki bat egiten dio.
  • Hitzak. Aurtengo Ibilaldiaren abestiari Leire Bilbao Idazle ondarrutarrak ipini dizkio hitzak. Zubi Zahar ikastolan ikasitakoa, hantxe hasi zen euskal kulturaz bustitzen. Estrofan narratiba sartu du. Kostaldeko herri bat azaltzen da, turrunak herria esnatzen du eta herritarren nortasuna agertzen da.
  • Bideoklipa. Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaile ondarrutarrak egin du, bideoklipean bere haurtzaroa eta nerabezaroa gogoratuz. Nerea Gartzia aktorearekin eta Unai Guenaga ingeniari informatikoarekin izandako elkarlanarekin ideia garatu eta gidoia idatzi du.