Hernaniko Biteri Kultur-etxean musika eta dantza izan dira nagusi larunbat goiz honetan; ondo pasatzeko modua ez ezik, elkartasuna sustatzeko erreminta gisa plazaratu dituzte. Izan ere, Bizipoza elkarteak Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 proiektua aurkeztu du bertan, kanta eta bideoklipez osaturiko ekimena.

Bizipoza 36 elkartek sorturiko taldea da, “denak izaera bereziko egoerak lantzen dituztenak, haur eta familiek osatutakoak eta oraindik ere hainbat eskubide betetzeke dituztenak”, azaldu dio egunkari honi haren koordinatzaile den Leire Elosegi Belokik. Bizipozaren parte dira, esaterako, Aspanogi, Bihotzez, Gehitu, Juneren Hegoak, Pausoka edota Ulertuz. 

Eta, zergatik elkartez osaturiko elkarte gisako egitura bat? “Elkartasunaren gaia”, helburu bezala, “elkarteen edo gizartegintzaren ardura soilik ez dela ikusi genuen, baizik eta gizarte osoak daukagula honetan zer egiteko”, aitortu du Elosegi Belokik. Hala, “figura ezberdinak” sortu zituzten Bizipozaren barnean eta egun elkarte, gizarte-eragileak dire bazkide, babesle eta boluntarioz osaturiko taldea da, “guztiontzako beharko lukeen herri inklusiboa” eraiki nahi duena, “euskaratik eta euskaraz”, azpimarratu du Bizipozako koordinatzaileak.

Bizipoza ekimen ezberdinez baliatu izan da bere barne dauden “elkarte hauen eguneroko lana eta balore guztiak” gizarteratzeko asmoz. Haietako bat da Mundu Berri Bat Guztiontzat; bertan, hainbat artistek hamabi abesti eta bideoklip sortu izan dituzte -bakoitza elkarte bati erreferentzia egingo diona-, errealitate horiei ikusgarritasuna handitzea xede dutelarik. Aurtengoa hirugarren edizioa dute eta, abesti eta bideoak euren sareetan elkarbanatzeaz gain, euskarri fisikoan ere salduko dituzte, 15 eurotan, bai denda fisikoetan, baita online edota NOTICIAS DE GIPUZKOA bezalako komunikabideen eskutik ere. Jasotako dirua beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko du Bizipozak.

Elkartasuna eta kultura Mundu Berri Bat Guztiontzat bezalako ekimen batean batzea “ia naturala zela iruditu zitzaigun”, baieztatu du Elosegi Belokik, “kultura eta euskal sortzaileek ere, azkenean, egunerokoan mundu berri horri abesten, idazten, dantza egiten, antzerkia egiten” ari omen dira eta.

Hala, urtebeteko lanaren ostean, larunbat honetan Mundu Berri Bat Guztiontzat 3 aurkeztu ahal izan du Bizipozak Hernanin. Biteri Kultur-etxeraino bertaratu dira 36 elkarteetako kideak, proiektuan parte hartu duten sortzaileak, babesleak, bazkideak, talde eragilea, boluntarioa eta baita udaleko ordezkariak ere. Joxe Mari Agirretxek eta Amaia Elizondok, Bizipozako talde eragileko kide direnek, gidatu dute ekitaldia; hainbat hitzaldi ere gauzatu dira eta hamabi kantu eta bideoklipak “lehen aldiz, denok batera”, ikusteko aukera izan dute, Elosegi Belokiren esanetan. Horrez gain, Kai Nakai eta Nerea eta Erlantzek zuzeneko musika emanaldiak eskaini dituzte eta, horren ostean, elkarte guztiei eginiko aitortza eta eskertzarekin eman diote amaiera goizari. 

 Aurtengo edizioko kantuen konposizioa Xabier Zabala eta Marea Urdina Elkarteen esku egon da; Euskal Herriko 12 idazle eta bertsolari izan dira letragile eta 22 abeslarik kantatu dituzte. Abestiak Elkar estudioan grabatu dituzte eta bideoklipak, berriz, Arena eta Cinefilmakek ekoiztu dituzte.

Aurtengo abestiak

  • 'Eredu bat' - Agipase Elkartea
  • 'Elkarrekin jolasten' - Pausoka Elkartea
  • 'Hegan' - Juneren Hegoak Elkartea
  • 'Elkarri' - Ndank Ndank Elkartea
  • 'Bizitza arnasaldi' - Arnasa Elkartea
  • 'Ikus dezadan' - Naizen Elkartea
  • 'Ume alaia' - Ume Alaia Elkartea
  • 'Zaldi zoroarena' - Dravet Elkartea
  • '(Min)bizi' - Iñurri Elkartea
  • 'Laku bat' - Nuala Elkartea
  • 'Marea urdina' - Marea Urdina Elkartea
  • 'Bizipoza auzolan' - Bizipoza Elkartea