Zaintza sistema publiko komunitarioaz Bizipoza elkartearen seigarren jardunaldia antolatu da Usurbilen, datorren larunbatean, azaroaren 26an. Elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen izenburupean. Elkarteak Usurbil aukeratu du kokapen gisa, zaintza eredua aldatzeko egiten ari den prozesua dela eta. “Jardunaldiak lagungarri izango dira hainbat galderen inguruan elkarrekin hausnartzeko”, azpimarratu dute. Egitaraua Sutegi kultur etxean 10.00etatik 13.00etara burutuko da.

Izena Internet bidez (www.labur.eus/bizipozajardunaldia edo bizipoza@bizipoza.eus helbidean) eman daiteke. Jardunaldia online ere jarraitu ahal izango da YouTube bidez (https://www.youtube.com/watch?v=81GPngl8quA).

Jardunaldia Bizipoza elkartearen Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da liburuaren aurkezpenarekin hasiko da eta hausnarketarako oinarri hartuko dute larunbateko saioan. Peio Manterola Pavoren ikerketa lana euskarri hartuta idatzi du liburua Amagoia Mujika Telleria kazetari usurbildarrak.

Aste honetan, Usurbilen liburuaren aurkezpena egin dute. Idazleak esan zuenez, idazlanak “ez du erantzunik ematen, galderak jar-tzen ditu mahai gainean”. Ongizate Estatua deitzen denak josi duen sare publikoak ez duela balio herritar guztien beharrak asetzeko azpimarratu zuen: “Sarearen zuloetatik labaintzen dira haur askoren eskubideak. Orduan, denon ongi izatea, denon ongi bizitzea, ziurtatzen ez duen mundua da”.

Bizipozan batzen diren 35 elkarteak zulo horien ondorioz sortu direla gehitu zuen idazleak: “Hori da liburuaren haria, eta horren gainean paratzen dira galderak”. Galdera bat dela nagusia aipatu zuen Mujikak: “Munduak guztion-tzat beharko luke? Eta hala bada, zer falta zaio guztiontzat izateko? Eta nori dagokio falta zaiona ematea?”.

Jardunaldietara bertaratzen den parte-hartzaile bakoitzari liburuaren ale bana oparituko diote.

Liburuaren aurkezpenaren ostean,  Felix Arrietak (politologoa eta Gizarte politiketako irakasle Deustuko Unibertsitatean), hi-tza hartu eta gaur egungo egoeraren kokapena egingo du.

Ondoren, Bizipozako zenbait elkartetako kidek, beraien elkarteek administrazioarekin duten interlokuzioaz arituko dira mahai-inguruan. Hau amaitu ondoren atseden hartzeko garaia iritsiko da.

Jardunaldiaren bigarren atalean, Felix Arrieta eta Zelai Nikolas (Zuzenbide publikoan aditua, batez ere euskal zuzenbidean aritua, eta gaur egun Eusko Legebiltzarrean legelari lanetan dabilena), sistema publiko-komunitarioaz solastuko dira. Ondoren, mikro irekia egongo da, gai bera hizpide izango duena. Goizean zehar ateratako ondorioak aipatuz emango zaio bukaera jardunaldiari.