Euskal sagardoaren sektorea osatzen duten eragileak pozik agertu dira denboraldi berriak ekarriko duenarekin: “Txotx denboraldia berezia da, sagardozaleei eta bezero guztiei sagardoaz gozatzeko formatu berezi bat eskaintzen dielako, sagardo berriak dastatu eta konpartitzeko, formatu sozialean, lagun artean, urteko sasoi batekin lotua eta gure egutegian markatzen duguna. Aurtengo denboraldia pozik hasiko dugu, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango baitugu sagardo berria. Kupeltegiko giroa itzuliko da gure sagardotegietara, eta sagardoaz hitz egiteko aukera izango dugu lehenago egin ohi genuen moduan, zutik eta kupeltegian bertan, uzta berria nolakoa datorren ezagutu eta goza-tzeko”, esan zuten joan den urtarrilaren 10ean, Donostian, eskainitako prentsaurrekoan.

Aurtengo ekoizpenari dagokionez, 2022ko uzta aurrekoa baina txikiagoa izan da kopuruz. Aurreko urtean uzta handia izan zen eta 2022an txikiagoa espero zitekeen arren, udarako eguraldi lehorrak are eta murri-tzagoa egin dute uzta. Horrek eraginda, izaera handiagoko sagarra etorri da, bai tanino aldetik eta baita azukre aldetik ere, eta ondorioz izaera handiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegi gehienetan, alkohol graduazio handiagoarekin.

Gauzak horrela, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin ekoiztu den sagardo litro kopurua 1.200.000 litro ingurukoa izan da eta horretarako 2 milioi kilo sagar bildu dira. Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 48 dira (gehienak gipuzkoarrak, 42; bizkaitarrak 4, eta arabarrak 2). Euskal Sagardorako sagarra ekoizten duten sagargileak, berriz, 250 dira eta guztira ia 500 hektarea erabiltzen dira horretarako.

2023ko kanpainari begira, sagardo botilaren prezioak %25eko igoera izango du inflazioaren ondorioz

%25 igoko da sagardoa

Bestalde, 2023ko kanpainari begira, sektoreak iragarri du sagardo botilaren prezioak %25eko igoera izango duela inflazioaren ondorioz, izan ere, beiraren, kartoiaren, energiaren eta gasoilaren prezioen igoerak eragin zuzena baitute sagardoaren kostuetan. “Sektore gehienetan pasa den moduan, prezioak eguneratu beharra dauka sagardo sektoreak ere, egungo egoerari aurre egin ahal izateko”, argitu dute.

Bertako plazerra da sagardoa lelopean, Euskal Sagardoaren aurtengo kanpaina zenbait berrikun-tzarekin etorriko da. Esate baterako, aurtengoan sagardo dastatze gidatuak eskainiko dituzte zenbait sagardotegitan. “Beste hainbat bisita eta produktu eskaintzeaz gain, dastatze gidatua bezalako produktuak eskatu dizkigu joan den urteotan bertako bezeroak, eta hori dela eta hartu da hemendik aurrera hori eskaintzeko erabakia. Aukera aparta da sagardogilearen eskutik produktuaren berezitasunak jasotzeko ere”, argitu dute.

Bestalde, eta sagardozaleari erraztasunak emate aldera, euskal sagardoen online denda eta sagardotegietan klik bakarraren bitartez erreserba egiteko sistema automatikoak martxan jarraituko du sagardoa.eus webgunean. Aurreko urteetan izandako arrakastaren ondoren, gainera, sagardotegi gehiagotan erreserbatzeko aukera egongo da aurten.