Bagara osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako zerbitzu “berritzaile, komunitario eta autogestionatua” zabaldu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. ‘Clubhouse’ ereduan oinarritutako baliabidea da, eta “epe luzerako harremanak eraikitzeko aukera eskaintzen du, aldi berean gizarteratzea eta laneratzea erraztuz”.

Foru erakundeak eta Gureak elkarteak bultzatutako Bagara zerbitzua Donostiako Easo kalean dago, eta programa pilotu gisa jarri da abian. Eguneko zerbitzua eskaintzen duen gizarte-baliabidearen kontzeptu berri bat da, errekuperazioan oinarritzen dena eta integrazio komunitarioaren aldeko apustua egiten duena.

Erabiltzaileek euren errekuperazioan lehen urratsak emateko aukera izango dute, eta aldi berean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin lotutako “estigmak apurtzea” izango du helburu.

Baliabidearen xede izango diren pertsonak, osasun mentaleko arazoren bat izateaz gain, isolamendu-arriskuan daudenak izango dira. Horregatik, ‘Bagara’ programan sartzeko baldintza bakarra osasun mentaleko diagnostiko bat eta profesional baten jarraipena izatea da; baldintza horiek bete-tzen dituen pertsonak elkarrizketa bat egin, eta berehala izango du hasteko aukera.

Bagara komunitatea osatzen duten kideek euren egunerokoa, baliabidearen funtzionamendua, eta bakoitzak erdietsitako aurrerapenak erakutsi zizkieten Aldundiko arduradunei. Bisita zazpi parte-hartzailek gidatu zuten taldearekin dabiltzan bi profesionalen laguntzarekin, eta bertan izan ziren Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua.

Beste hainbat zehaztapenen artean, espazio horren izaera berritzailea zerbitzuaren funtzionamendua autogestionatua izatean eta menbresiaren bidez egitura-tzean datzala azaldu zuten. “Bagara elkarteko kideak gara, eta bertan sortutako komunitate horretako kideak gara”, adierazi zuten.

Kideek argi utzi zuten, baliabidea “malgua” dela, eta eurek erabaki-tzen dutela zertan eta noiz parte hartu nahi duten.

Kide bakoitzak bere egitasmo propioa du, eta bertan islatzen dira bakoitzak hainbat eremutan dituen helburu pertsonalak; egin beharreko hori guztia “holistikoki” lantzen da, erabiltzaileek proposatzen eta kudeatzen dituzten jarduera, prestakuntza eta tailerren bitartez.

Bagara zerbitzua 30 herrialde baino gehiagotan jardunean dabilen Clubhouse ereduan oinarritzen da. 320 Clubhousetik gora badaude, eta bertako kideei aukera eskain-tzen zaie “ gizarteratzea eta laneratzea erraztuz maila integralean suspertzeko, haien bizi-kalitatean oso eragin positiboa izanik”.

Bagara proiektua 2022ko urtarrilaren 12an abiatu zen Gipuzkoan, proba pilotu gisa, eta 2023aren amaierara arte iraungo du; orduan egingo da azken balorazioa, eta jarraipenik merezi ote duen ebaluatuko da. Proiektuaren balio nagusiak “baliabide malgua, komunitarioa eta gipuzkoar guztiei irekia” izatea dira, doakoa izateaz aparte. Lehen urtean Bagara egitasmoan izandako 31 kideetatik bederatzik prestakuntzaren bat egin dute, seik enplegu-bilaketa aktiboa hasi dute, bostek enplegua topatu dute, eta bostek beste baliabideren batera jauzi egin dute, esate baterako zerbitzu okupazionaletara edo errehabilitazio psikosozialeko zentrora.