Donostia – Senarrak laguntzeari eta zerbitzu medikoei deitzeari uko egin ondoren hil zen 67 urteko emakumeak aspaldi salatua zuen bikotekidea, baina salaketa kendu eta berarekin bizitzen jarraitu zuen. Mercedes Gonzalez Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak atzo baieztatu zuenez, duela hiru urte bikotearen alabetako batek ere salatu omen zuen orain atxilotu duten gizona, amari arretarik eskaintzen ez ziolako.

Orduan, beste zenbait patologien artean esklerosi anizkoitza eta Alzheimerra pairatzen zituen biktima, alaba horrekin bizitzera joan zen Sevillara, eta han zegoela, amak beste salaketa bat jarri zuen senarraren aurka, orduan mehatxuak egin izana leporatuz. Horiek guztiak kontuan izanik, urruntze-agindua ezarri zioten sei hilabetez, baina, dirudienez, hilabete batzuk geroago salaketa kendu egin zuen, eta Madrilera itzuli zen berarekin bizitzera, Puerto Arbalán kaleko 40. zenbakian dagoen etxebizitza batera, Puente de Vallecas barrutiko San Diego auzoan.

“Kasu beldurgarria da. Hasiera-hasieratik erabat hunkigarria. Inoiz bizi izan dudan kasurik ikaragarrienetako bat. Gainera, mendekotasuna duen emakume gaixo bat izanik, pasatu behar izan duen sufrimendua erabat atsekabegarria iruditzen zait. Madrilgo Erkidegoaren mendeko handien zerbitzu espezializatuak ez zuen inolako erreferentziarik gai honi buruz”, adierazi zuen Mercedes Gonzalezek.

Ikerketen arabera, biktima azaroaren 29an erori egin omen zen familiaren etxebizitzan. Senarrak, lagundu eta anbulantzia bati deitu beharrean, burko bat jarri zion buruan, eta hilzorian utzi zuen gutxieneko arreta eta zaintzarik gabe; ez zion ez sendagairik, ez eta edaririk edo jatekorik eman. Handik bost egunera, abenduaren 4an, 11.20ean, behin biktima hil zenean, senarrak 091 zenbakira deitu zuen. Emazteak egun horretan bertan estropezu egin zuela eta sinkope bat eman ziola esan zien agenteei; gero frogatu ahal izan da hori ez zela egia.

Osasun-zerbitzuak eta Polizia Nazionaleko agenteak bertaratu ziren, eta gorpua lurrean botata aurkitu zuten, baldintza higieniko-sanitario tamalgarrian. Etxea oso zikin eta trastez beteta aurkitu zuten. Summa-112 zerbitzuko osasun-langileek emakumearen heriotza egiaztatu baino ezin izan zuten egin.

LAGUNTZEKO TELEFONOAK

l Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko telefonoak

EAEn: 900 840 111.

Estatuan: 016.

l Larrialdiak. 112.