2022ko Nafarroa Oinezen “arrakasta” nabarmendu zuten atzo Tafallako Garces de los Fayos ikastolatik, jende “andana” bildu zela goraipatuz.

Ikastolen jaiaren antolatzaileek adierazi dutenez, ia bi kilometroko hiri-zirkuitua eta lau eremuak (Hazi, Kimu, Sustrai eta Zuhaitz) “jendez gainezka egon dira goizean goizetik”. “Egun ezin hobea egin du paseatzeko eta jaiaz gozatzeko”, aipatu zuten ikastetxetik, eta balorazio “sakonagoa” egin aurretik, “bertaratutako jendetza, eta jaieguna normaltasun osoz pasa izanaren arrakasta” azpimarratu zuten.

Bide batez, eskerrak eman zizkieten Tafallara “euskara eta ikastolak bultzatzera” joan ziren guztiei, eta, “aurtengo Nafarroa Oinez arrakastatsua izaten lagundu duten” mila boluntario baino gehiagoren lana ere goraipatu zuen: “Euskara arnastu dugu asteburu osoan zehar”.

Ikastolen jaia goizeko 10.00etan hasi zen inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan izan ziren Paula Arregui Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria, Aritz Azcarate presidentea, Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) lehendakaria eta Josu Reparaz zuzendaria, baita erakundeetako eta alderdietako hainbat ordezkari ere.

“Kalitatezko euskara”

Arduradunek ikastolen eredua aldarrikatu zuten, Tafallako ikastolaren “euskararen aldeko ibilbide historikoa” ere azpimarratu zuten, eta eragile politikoei “ausardia” eskatu zieten, “ekintza zehatzekin ikastola honen proiektua finkatzeko, bere eskualdean kalitatezko euskarazko hezkuntzaren erreferente izaten jarraitu ahal izateko”.

Ondoren, eguerdiko 12.00etan, Tafalla Kulturgunean, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Iparla Elkartea omendu zuen, Oinez-i eskainitako laguntzagatik. Jarraian, Sury Belloso, Tafallako ikastolako ikasle ohiak errezitaldia eskaini zuen herriko txistulariekin batera. Ekitaldiaren amaieran Nafarroa Oinez-en lekukoa eskualdatu zuten. Etxarriko Andra Mari ikastolako lehendakari eta zuzendari Gotzon Pérezek eta Iñigo Orellak jaso zuten NIEko ordezkarien eskutik.