Atzo Astigarragan Udazken zaporez ekimenaren aurkezpena egin zen. Bertan Unai Agirre izan zen, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea. Jakitera eman zuenez, datorren denboraldiko sagardoa izaera handikoa eta aurtengoa baino alkohol graduazio altuagokoa izango da.

Agirrek azaldu zuenez, aurten sagar gutxiago egongo da. Alde batetik, euskal sagarrak bi urtetik behin ematen du fruitua eta 2022 ezurtea izan da eta bestetik, udaran egin duen beroak sagar gutxiago eta txikiagoak ekarri ditu.

Sagarlan enpresako Aitor Etxeandiak, fruitugintzan aholkulariak, iraila hasieran burututako ikerketa batean hainbat puntu nabarmendu ditu. Azukre mailari dagokionez, aurtengo urteak, bataz beste, 11,8º Brix ditu, aurreko urtean baino 1,3 puntu altuagoa delarik. Barnealdeko sagastietan datu hau askoz altuagoa da.

Aldiz, iazko datuekin alderatuta, heldutasuna pixka bat atzera dator almidoiaren erregresioari begiratzen bazaio. Izan ere, almidoiaren erregresioa 2,8ko indizean dago; hau da aurreko urtean baino 0,2 puntu baxuagoa da.

Bestalde, uzta garaia aurretik erortzen ari zen sagar kantitatea handia zen, ziurrenik beroaren eta lehortearen ondorioz. Barnealdeko sagastietan erorketa hori handiagoa izan zen.

Datu guzti hauek atzo uzta garaiaz gozatzeko Astigarragako Udalak, herriko elkarteek, Astiko merkatari elkarteak eta Sagardoetxeak elkarlanean landutako Udazken zaporez zikloaren aurkezpenean eman ziren.

Honenbestez, gaurtik urriaren 31 arte, jarduera ugari izango dira: XXII. Sagar Uzta jaia, familientzako sagar muztioaren elaborazio tailerrak sagardoetxean, eskaintza gastronomikoak eta afari maridatuak, musika emanaldiak, kirola eta kultura uztartuko duten jarduerak eta sagarrari buruzko ikastaroak.

Lehenengo aldia da Udazken zaporez ekimena antolatzen dela sagarraren eta sagardoaren inguruko ekitaldi guztiak batzeko.

Aintzane Barandiaran alkateordeak adierazi zuenez, lau eguneko egitaraua izaten hasi zena, orain hilabete luze izatera pasa da.

Ekitaldi batzuetan parte hartzeko izena eman beharko da www.sagardoetxea.eus webgunean edo 943 550 575 telefonora deituta.

XXII. Sagar Uzta 2022

Gaur. Pintxo-potea 19.00etatik 21.00etara.

Bihar. 17.00etatik 19.00etara Txalaparta tailerrak (izena eman behar da). 19.00etan sagar kata Kontxa Etxeberria plazan eta 20.00etatik 21.00etara Oreka TX taldearen kontzertua Kontxa Etxeberria plazan.

Larunbata. 9.30ean Sagar-bira, Santiagomendiko Sagardo Bidean mendi-buelta familian (izena eman behar da).

Igandea. Foru Plazan Sagarraren Jaia. 11.30ean sagardogintzako lanak familian (izena eman behar da) eta muztioa dastaketeta. 13.00etan Txalaparta eta 2022 uztako lehen muztioarekin topa.