- Ikasgela bakoitzeko ikasle “zaurgarrien” kopurua zehaztuko du Jaularitzak, eta ikastetxeetarako matrikulazio-prozesuan ikasle horientzako plazen erreserba ezarriko du, jatorri sozioekonomikoaren araberako eskola-segregazioari aurre egiteko hezkuntza-itunean jasotako neurriak betez.

Baldintza horiek guztiak, datorren ikasturteari begira sailean lantzen dabiltzan plangintza-araudi berrian jasoko dira, eta atzo Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurreratu egin zituen. Berak eskatuta egin zuen agerraldia Legebiltzarreko batzordean, eta hantxe azaldu zuen, Hezkuntza Lege berriaren oinarri izango den, eta EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk sinatutako hezkuntza-ituna betetzeko jarduketen kronograma.

Plangintzarekin, parte-hartzearekin, zuzentasunarekin, segregazioaren aurkako politikekin eta eraldaketa pedagogikoarekin lotutako 43 jarduera zehatz identifikatu ditu Hezkuntza Sailak.

Egin beharreko lehen ekintzen artean, esparru-hitzarmen berri bat egin eta hezkuntza-itunak berritzea legoke, eskola-plangintza berriarekin batera “ikasle guztiak baldintza berdinetan eta orekatuta eskolatu ahal izatea helburu duelarik”.

Itunpeko ikastetxeak Bildarratzek “erantzunkidetasuna” eskatu zien itunpeko ikastetxeei, eta “hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten ikastetxeei beharrezko baliabideak emateko” konpromisoa azpimarratu zuen. Aldi berean, “plangintza-beharrei erantzuten dieten ikastetxeak” publiko egiteko araudia egingo zela ere iragarri zuen.

Puntu horretan, datorren ikasturterako eskola-plangintzaren araudia eguneratzea izan zuen hizpide; araudi horretan, “hasiera batean zaurgarriak diren ikasleentzako plazen erreserba” ezarriko dela esan zuen, ikasgela bakoitzarentzat mota horretako ikasleen “gehieneko proportzioa” finkatuz.

Matrikulazio-sistemak “dinamika inklusiboagoak sustatuz, zuzentasuna ziurtatzea” dute helburu, eta horretarako sortuko dira 2024ko bigarren seihilekoan prozesu hori bideratzeko udal-bulegoak. Azpimarratu zuenez, jarduera horren baitan sartuko omen da, onarpen-baremoetan ere ikasle horientzat diskriminazio positiboa aplikatzea.

Neurri horiek guztiak, arrazoi ekonomikoek eta sozialek eragindako eskola-segregazioari aurre egiteko hartuko dira. Gainera, horri buruzko diagnostikoa egiten ari da Saila, eta behin emaitzak esku artean izandakoan, aurtengo azken seihilekoan Legebiltzarrean aurkeztuko ditu hainbat proposamen zehatzekin batera.

Hezkuntza-itunean jasota dagoenez, eskola publikoa da euskal sistemaren ardatza; eta horrexegatik dago lehentasunen artean Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa onartzea 2024ko bigarren seihilekoan. Egitasmo horretan, plantillak finkatzeko eta egonkortasuna emateko jarduerak sustatuko dira, eta ikastetxe publikoetako zuzendaritzak “erronka profesional erakargarri” bihurtzeko araudia ere osatuko da.

“Eskola publiko batean plaza bat nahi duen familia orok plaza hori eskuratu ahal izatea” nahi du Hezkuntza Sailak, eta helburu hori lortzeko, “plaza publiko gehiago eskainiko direla” aurreratu zuen sailburuak, “beti ere, plangintza-mekanismo eraginkorrak aplikatuta”. l

l Eraldaketa pedagogikoa. Eraldaketa pedagogikoari begira, kronogramak honako hauek biltzen ditu: Digitalizatze-plana garatzea (2022ko bigarren hiruhilekoan), hezkuntza eleaniztuneko esparrua (2023ko lehen hiruhilekoan), curriculum-dekretuak birformulatzea (2023ko bigarren hiruhilekoan), Hezkuntza Eraldatzeko Plana (2023ko bigarren hiruhilekoan) eta Euskara Ikasteko Institutua sortzea (2024ko bigarren hiruhilekoan).