- Euskaraldiaren hirugarren edizioa aurkeztu zen atzo San Telmo Museoan eta bertan erakundeetako, kulturako eta kiroletako ordezkari ugari izan ziren, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea, Tanya De La Cruz aktorea, Iñaki Salvador musikaria, Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeko Esther Arrojeria jokalaria eta Pilar Kaltzada kazetaria.

Donostiako antolatzaileek adierazi zutenez, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarterako antolatuko den ekitaldi sozialak "euskararen erabileran aurrerapausoak emateko" balioko omen du, aurtengo edizioko 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean.

Euskaraldia "lorpen txiki askoren batura" dela azaldu zuten esparru ezberdinetako ordezkariek, eta "hitza hartzeko" deia luzatu zieten donostiarrei, hurrengo edizioak hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aukera eskainiko dielako berriro ere.

Pandemiaren osteko Euskaraldiaren helburua, euskaraz dakitenek "kaleratu eta edozein unetan eta edonon erabiltzea" izango da, eta hirugarren edizio horretan belarriprest eta ahobizi pertsonak izango dira berriz protagonistak.

Hiriko erakundeek ere izango dute Euskaraldian parte hartzeko aukerarik, noski, Ariguneak izeneko erabilera guneak sortuz.

Euskaraldiaren hirugarren edizioan, euskara dakitenen eta ulertzen dutenen hizkuntza-ohiturak aldatzeaz gain, ekimenean parte hartzen dutenak ahaldundu nahi dira, hartutako ohiturak denboran iraun dezaten.

Helburu horrekin proiektu pilotu berri bat sortu da hirugarren edizio honetan, 'Euskaldunentzako Ahalduntze Eskola', Gipuzkoako hiriburuan eta beste hiru herritan egingo dena. Eskola honetan parte hartuko dute Euskaralditik kanpo ere euskararen erabilerari eutsi nahi dioten eta eguneroko erabileran aurrera egin nahi duten pertsonek. l