- Gazte Euskaltzaleen Sareak eskerrak eman nahi nahi izan dizkie larunbatean deitutako euskararen aldeko manifestazioan parte hartu zuten hainbat gizarte-eragile eta euskaltzaleri. "Larunbatean, milaka lagun bildu ginen Donostian" Euskara Aurrera ekimena bultzatzeko. "Erantzuna izugarri ona izan da", eta "oso pozik gaude", adierazi dute antolatzaileek prentsa ohar batean; eta bide batez, "egungo garaietara egokitutako hizkun-tza- politika berriak" abian jar-tzea eskatu dute.

Antolatzaileen ustez, larunbatekoak gizartean "poza eta ilusioa piztu" du: "Hilabete lehenago Korrikak egin bezala, sumatu dugu euskalduntzean aurrera urratsak egiteko herri gogo bat badela eta energia berrituz taupaka ari dela. Larunbatekoak indarra eman zigun euskaltzale guztioi. Indarberrituta gaude. Jauzi indartsu bat egiteko prest", azaldu dute.

"Euskararen aldeko herri olatu berri" bat behar da, "herri olatu bat", diote antolatzaileek, eta "azken asteetakoa abiapuntua besterik ez" izan omen da: "Lehen urratsa".

Gazte Euskaltzaleen Sarearen iritziz, "hizkuntza politika berriak behar dira euskararen lurralde osoan. Euskararen biziberritzearena ez da norbanakoon auzi partikularra. Baldintzak sortu egin behar dira", esan dute. Administrazio publikoek "beraien ardurak har ditzaten". Egungo garaietara egokitutako "hizkuntza politika berriak martxan jarri behar dira".

Era berean, sortutako dinamika hau "egun bateko lorea izan ez dadin", "lankidetza eta elkarlana" sutatzeko deia egin dute eta udazkenean euskararen alde egingo diren ekimen berrietan parte hartzera animatu ere.