Euskararen aldeko ekimenaren 22. edizioa izango da aurtengo Korrika, urteroko legez AEKk antolatu eta Euskal Herri osoa zeharkatuko duena. Lasterketan helburua bikoitza da: batetik, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea eta, bestetik, AEKren euskara ikastegien eguneroko lanerako funtsak biltzea.

Atzo izan zen Korrikaren aurkezpen ofiziala Gasteizen. "Datorren ostegunean, martxoaren 31n, hitzordu garrantzitsua du Amurrion Euskal Herriko osoak; izan ere, 22. Korrika bertatik abiatuko baita arratsaldeko 16.30etan", azaldu zuten. Goizean goizetik hasita giro ederra izango da Amurrion, egun osoko jaia prestatu baitute herritarrek 22. Korrikaren hasiera ospatzeko. Hasteko txupinazoa, eta jarraian kale animaziorik ez da faltako Amurrion, hainbat ekimen antolatu baitituzte herria goizean goizetik alaitzeko. Bazkalostean, abia-tze ekitaldia izango da plazan 16.00etan hasita; gidari Kaitin Allende, eta Neomak taldearen eskutik. Behin mezua lekuko barruan sartuta, lehen kilometroa Amurrioko AEK euskaltegiko sei irakaslek egingo dute. "Korrika ekimen zirraragarria da eta, horrez gain, Korrikaren atzean euskararen eta euskaldunen, euskaltzale guztien eguneroko bizitza eta euskaraz bizitzeko nahia dago", azaldu zuten.

Beraz, Amurrio izango da ostegun honetako protagonista nagusia, bertako herritarrek eta Udalak egindako lanari esker. "Hilabeteetako lana izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta ostegunerako Amurrio prest izango da 22. korrikaren hasierara bilduko den herritar andanari behar bezalako harrera egiteko. Ohore handitzat hartu dute amurrioarrek, Euskal Herriko 16 herrik baino ez dutelako korrika hasiera ezagutu", gaineratu zuten.

Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da Korrika. Euskararen aldeko kontzientzia suspertu eta euskaltegien eguneroko lana indar-tzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Euskal Herria Oñatitik Bilboraino zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, "21 korrika eta 41 urte igaro dira. 2022ko martxoaren 31n hasita, 11 egunez gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 22. aldiz. Bi mila kilometrotik gora, adin eta tankera guztietako milaka partaide, gau eta egun gelditu gabe. Ostegun honetan, beste behin, euskaldunak euskararen alde.