Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako ordezkariekin eta Azterketak Euskaraz! kolektiboarekin bat eginik, Iparraldeko ikasleek Frantziako Hezkuntza Ministeritzak ezarritako proba ofizialak gauzatzeko euskara erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen atzo.

Adierazpen idatzi batean jakinarazi zuenez, agintari frantsesek ez dute oraindik 2022ko Brebeta eta Baxoaren inguruan erabakirik hartu, baina “momentuz, ezekoan daude”. Brebeta derrigorrezko ikasketak amaitzean egiten den azterketa da, kolegioaren hirugarren mailaren bukaeran (Hegoaldeko 3. DBH litzatekeena) eta Baxoa, berriz, Lizeoa amaitzean, goi mailako eta unibertsitateko ikasketak gauzatzeko pasa beharrekoa (Hegoaldeko Selektibitatea).

Baxoari dagokionez, abenduaren 14an “proba batzuk euskaraz aurkeztu ahalko zirela” esan bazen ere, ikasleek oraindik Batxilergoko berezitasuneko bi probak eta Ahozko Handia Brebetan, berriz, antolaketarako arazo teknikoak “aitzakia” hutsa direla argudiatu zuten; “nahikoa denbora badago horien zuzenketa antolatzeko”, gehitu zuen.

Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei “Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa” adierazi nahi izan zieten, “azterketak euskaraz egiteko eskubidea” ikasleena baita, “ez dago dudarik”.

Azkenik, euskal gizarteari deia egin zion elkarteak, egoera “euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa” izanik, euren esanetan.