- Errenteriako udal liburutegi zaharrean izango du egoitza Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiak, Badalab. 2022ko maiatzean jarriko da martxan eta Goiatz Oiar-tzabal Lakarra Industria Diseinuko ingeniari teknikoa eta gizarte berrikuntzan aditua izango da bertako zuzendaria, Markel Olanok atzo iragarri zuenez.

Oiartzabalen izendapena (Pasaia, 1983) ostiralean erabaki zuen Badalabeko Gobernu Batzordeak. Mikel Irizar buru duen elkarte horretako kide dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Langune, Elhuyar, Emun, Soziolinguistika Klusterra, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Errenteriako Udala, Euskalgintzaren Kontseilua, EITB, UPV/EHU, ArantzazuLAB eta Euskaltzaindia.

Oiartzabalek Fagor Taldean hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta, ondoren, Mondragon Unibertsitateko ekintzailetza eta lidergo graduan “Team coach” gisa aritu da, bai eta Debagoiena 2030 proiektuko prozesuen arduradun gisa, besteak beste. Laborategiko lantaldea osatu ahal izateko, berrikuntza-teknikari profila duten beste bi pertsona hautatzeko deialdia ere onartu zuen Gobernu Ba-tzordeak bilera berean. Prozesu hori datozen asteetan zabalduko da.

Ahaldun nagusiak izendapenaren berri eman zuenean, 329.000 euroko diru-laguntza ere iragarri zuen, Errenteriako Udalak liburutegi zaharreko 300 metro koadroko espazio bat egokitu zezan erakunde hori hartzeko, Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat baita. Obrak abenduan hasiko dituzte, eta, amaitu bitartean, uztailean eratutako laborategiaren partzuergoa behin-behinean kokatuko da Errenteri bertako Torrekua eraikinean, eraikin hura ere udal jabetzakoa delarik.

Olanok azpimarratu du “ezinbestekoa” dela “lankidetza, berrikuntza eta esperimentazioa indartzea, hizkuntza-berdintasunerantz aurrera egiteko”, eta, horregatik dela Badalab, Etorkizuna Eraikiz foru-ekimenaren proiektu estrategikoetako bat, bederatzigarrena, hain zuzen ere. “Proiektua urrats sendoak ematen ari da; euskal erakunde publikoetako eta euskararen gizarte-sareko ordezkariekin partekatutako urrats azpimarragarriak egiten ari da, aldi berean, bere lehen lan-ildoak martxan jarri bitartean”.

Badalaben helburua argia da: “hizkuntzaren erabilera bermatzea etorkizuneko agertokietan eta interakzio-moduetan. Teknologia berriek, mundu osoan zabaltzen ari diren paradigma sozial eta ekonomiko berriek eragin nabarmena dute hizkuntza txiki eta gutxituetan, eta gure euskara ez da salbuespena “, azaldu zuen Olanok.

Datorren ostiralean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzional bat onartu zuen. “Euskara tresna eraginkorra izatea nahi dugu, berreskura-tzen ari garen eta etorkizunean asmatuko ditugun harreman-modu eta erabilera-eremu berrietarako”, adierazi zuen Olanok.

Foru diputatuek testu horretan plazaratzen dutenez, “euskararen erronka, komunikazio eta jarduera eremu berrietan dagokion lekua hartzea da, naturaltasun osoz, modu eraginkorrean eta irmotasunez. Euskaraz hitz egiten duten pertsonek naturaltasun osoz erabili behar dute euskaraz bizi-tzeko aukera hori, eguneroko harremanen eremu formaletatik lan-mundura, aisialdira, kulturara edota kirol-mundura igarotzerakoan. Ezin dizkiogu euskarari eremu horiek ukatu “.