Euskara ingurune digitalean bizirik mantentzeko lan lerro estrategikoak eta gomendioak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Donostiako San Telmo Museoan. Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 izeneko txostena Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde atal bereziak egin du eta besteak beste, euskarazko hizkuntza-teknologien garapena sustatzea eta politika eraginkorrak egiteko euskararen kontsumoari buruzko datuak lortzea du helburu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde atal bereziko buru Maite Goñik aurkeztu dute txostena. "Kontuan izan behar dugu jende gehiena ingurune digitalean bizi garela eta gazteek batez ere, euskarazko edukiak aurkitzen ez badituzte beste hizkuntza batzuetara jotzen dutela. Beraz, garrantzitsua da euskarazko ingurune digitala sustatzea", azaldu du Goñik. Zentzu horretan, Zupiriak Eusko Jaurlaritzak dokumentu horretako gomendioak jarraituko dituela nabarmendu du eta ingurune digitalean erabiltzen ez diren hizkuntzek galtzeko arrisku handiagoa dutela azpimarratu du, gazteen artean batez ere.

Dokumentuak euskara ingurune digitalean bizirik egoteko lau lan lerro estrategiko definitzen ditu eta aldi berean hamar gomendio zehazten ditu. Gaur aurkeztutakoa 2016an kaleratutako Euskarazko IKTak: Gomendioak herri agintarientzat dokumentuaren jarraipenaren eta eguneratzearen fruitua da. Honakoak dira lan lerroak: euskarazko eduki digitalak sustatzea; euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea; euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematea, erabilera areagotzeko; eta azkenik, zaintza teknologikoa ziurtatzea.

Lan lerro estrategiko horiek hamar gomendio zehatzetara ekarri dituzte. Alde batetik, lehenengo lan lerroan, aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra sustatzea, bereziki gazteei begira; arlo akademikorako eduki digitalak sustatzea, ikus-entzunezkoak barne eta bereziki gazteei begira; eta euskarazko hedabide digitalak sustatzea proposatzen dute. Bigarren lan lerroak euskarazko hizkuntza-teknologien garapena sustatzea; mugikorrerako euskarazko aplikazioak sustatzea; eta erabilera handiko plataformetan euskararen presentzia bermatzea du helburu.

Hirugarren lan lerroan, Informazio eta Komunikazio Teknologiek, IKTek, euskaraz egitea eta euskarazko tresna eta baliabide digitaletan zabalkundea bermatzea proposatzen dute. Eta azkenik, laugarren lan lerroan euskararen zaintza teknologikorako egitura sustatzea eta euskararen kontsumoari buruzko datuak lortzea eta ikerketa sustatzea izango da helburua, politika eraginkorrak egin ahal izateko.

Gomendio horiek garatzeko 24 ekintza proposamen ere biltzen ditu dokumentuak, hala nola, euskarazko Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Hizkuntza Teknologien Plana zehaztu eta idaztea, Common Voice egitasmoa bultzatzea edo interneteko enpresa teknologiko handiekin etengabeko harremana bermatzea maila instituzionalean.