Osasun publikoaren aldeko deia Tolosaldean
- Tolosako kale nagusienak manifestazio jendetsuez bete ziren atzo. Antolatzaileen arabera, 2.000 herritarrek baino gehiagok aldarrikatu zuten Tolosalderako osasun publikoa, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak betez. "Aski da!" deiari erantzunez, nabarmendu zuten Asuncion klinikan emandako COVID-19 agerraldia ez dela kasualitatea izan: "Mila bider adierazi izan dugun kalitate baxuko zerbitzuaren ondorio da".
Hainbat eragile, talde eta elkarte eta ehunka norbanako batu ziren Asuncion klinikako zenbait langile eta erabiltzaileek deitutako manifestaldira. Baliteke azken urteotan Tolosan izan den manifestazio jendetsuenetakoa izatea atzokoa eta Ertzaintzak, Udaltzaingoaren bidez, sakabanatzea eskatu zien plaza Zaharreko amaierako ekitaldira iritsi ez ziren parte-hartzaileei, jende pilaketak saihesteko. Tolosako Amaroz auzoko bizilagunak ere batu ziren aldarrikapenera botikina berreskuratzeko egiten ari diren mobilizazioen harira.
Manifestazio buruek salatu zuten "Tolosaldeko herritarren erreferen-tziazko ospitalean" gertatu izana 42 kutsatu (37 langile eta bost gaixo) batu dituen agerraldia eta nabarmendu zuten horrelakorik ez dela gertatu beste inongo ospitaletan. "Langileak lanez lepo, Osasun sailaren kontrol eza, etekin ekonomikoa besterik ikusten ez duen negozio eredua... eta horren ondorioak gu geu pairatzen ari gara. Gaur inoiz baino ozenago diogu: Asuncion klinikaren itxiera Tolosaldeko osasun zerbitzu eskasaren ondorio da. Administrazio publikoak Asuncion klinikarekiko duen esku hartze eta kontrol ezaren ondorio", esan zuten.
Osakidetzak bizi duen egoera "urteetako murrizketen ondorio" dela ere gehitu zuten eta pandemiak hori azaleratu duela, "baina gurean egoera hori are eta lazgarriagoa da, Tolosaldean beste inon baino gehiago jolastu delako osasun zerbitzuaren pribatizazioarekin". Honenbestez, nahikoa dela esateko ordua dela aldarrikatu zuten eta %100ean publikoa izango den ospitalea eskatu zuten, "dagokion zerbitzu eta pertsonal ratioak izango dituena".
Olatz Peon Tolosako alkateak ospitale berriaren proiektua lantzeko Osasun sailarekin laster biltzeko erakutsi duen asmoaren inguruan, honakoa esan zuten: "Osasun sailak eskualdeko osasun arreta ezin hobea zela esan izan du, jakin nahiko genuke, beraz, zergatik onartzen duten orain ospitale honen eraikuntza".
Bide honetan, adierazi zuten lehen bataila irabazi dutela, "izan ere jada guztiok onartzen dugu ospitale baten beharra". Fruitu hori lortzearen ahalegina egotzi zieten hainbat eragileri, batez ere, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak urteetan egin duen lanari. Horrela, TOPAk egindako beste eskaera bat ekarri zuten gogora: "Espezialitatez hornitutako anbulatorioak nahi ditugu eta kudeaketa publikoa duen erreferentziazko ospitale publikoa. Hau ez da negoziagarria!".
Amaitzeko, antolatzaileek herritarrei eskatu zieten eskualdeko etxeetako balkoi eta leihoetan zuria den oihal, kamiseta edo zerbait zintzilikatzea "mundu guztiak jakin dezan Tolosaldeak osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzen duela".
Atxikimenduak. LAB, Ezker Iraultzailea/Euskal Herria Sozialista, Ibarrako asanblada feminista, Berazubi auzo elkartea, Amarotz Auzo Elkartea, EH Bildu, Batumore-Tolosaldeko Batukada Feminista, Sortu, ELA, Eusko Alkartasuna, Podemos-Ahal Dugu, Auzolanean Tolosa, Ikama, Ernai, Ezker Ani-tza, Anoetako Gazte Asanblada, Zu ta Ni, Duintasuna jubilatu eta pentsionistak, Matraka Talde Feminista, Beti Gazte jubilatu elkartea, Iturriza jubilatu elkartea, Harizpe jubilatu elkartea, Tolosako Gazte Asanblada, Tolosako Asanblada Feminista, eta TOPA.