Itxialdian modan jarri zen etxean bizikleta estatikoetan kirola egitea eta inora joan gabe kilometroak eta kilometroak egiten zituen jendeak pedalei eragiten. Negozio handia egin zuten horrelako tresnak saltzen dituzten enpresek, zalantzarik gabe. Orain ordea, kalera atera gaitezkeenez, jendeak bizikleta estatikoetatik jaistea erabaki du, betiko bizikletetara igotzeko. Egun hauetan bizikletak saltzen dituzten denda asko ikus daitezke ohiko txirrindulariz beteta, eta baita lehen aldiz bizikletan ibiltzea erabaki duten pertsonez ere. Arazo bakarra dago: dendak stock edo salgairik gabe geratzen ari dira.
"Konfinamenduan zehar pentsatu nuen udan ere Aldi Baterako Erregulazioko Espedientean (ABEE) egongo ginela lan egiten dudan enpresan, eta udan denbora libre asko izango nuela. Beraz, mendiko bizikleta bat erostea erabaki nuen, denbora hori aprobetxatzeko", azaldu dio egunkari honi Aritz Urbieta zumaiarrak.
Duela bi aste erosi zuen bizikleta berria Oñatiko Lizarralde Kirolak dendan. "Erabakitzeko ez nuen denbora asko behar izan; erabakia hartu eta ez nuen bi aldiz pentsatu, egia esan", adierazi du. Hasieran, zalan-tzak izan omen zituen errepideko bizikletaren eta mendikoaren artean. Baina bere lagun askok mendikoa dutenez, berak ere horrelakoa eskuratu zuen, "beraiekin batera ibiltzeko".
Bere inguruan bizikletarekin "gero eta jende gehiago" dabilela nabarmendu du, eta nahiz eta berak oraindik bereaz gozatzeko aukera handirik izan ez duen, gogo handiz dago horretarako: "Kirola egiteko, bizikleta oso egokia dela iruditzen zait eta leku desberdin askotan ibili zaitezke berarekin", adierazi du Urbietak.
Zortea izan du zumaiarrak, izan ere, jende asko baitago bizikleta erosteko gogoz eta, aldi berean, lortu ezinik. Horrela azaldu du Oñatiko Lizarralde Kirolak dendan lan egiten duen Roberto Zugastik: "Hainbeste eskaera egon direnez, dendan zegoen stock guztia saldu egin da eta fabriketan ez zegoen bizikletarik, beste herrialde batzuetan ere jende askok erosi baitu bizikleta, Alemanian adibidez".
Alemanian eta beste leku batzuetan konfinamendua hemen baino lehenago amaitu zen eta Euskal Herriko bizikleta etxeek (Orbea edo BH, adibidez) eta baita Europakoek ere herrialde horietan saldu zituzten bizikleta guztiak. Ondorioz, hemengo biltegiak bizikletarik gabe geratu dira.
Normalean, apiriletik aurrera ordu aldaketaren eta Euskal Herriko Itzulia hastearekin batera jende asko hasten omen da bizikletan ibiltzen, baina aurtengoa "ikaragarria" izan dela dio Zugastik, izan ere, 31 urtean ez baitu horrelakorik ezagutu: "Hasiera batean, irteteko aukera ia bakarra kirola egitea zen eta bizikletan ibiltzea eta paseatzea bakarrik zegoen baimenduta. Gainera, jendeak antsietate handia du orain eta nik uste dut horregatik izan dutela hainbesteko arrakasta bizikletek".
Mota guztietakoak saltzen ari dira Lizarralde Kirolak dendan, baina batez ere mendiko bizikletak dira jendeak gehien eskatzen dituenak. "Elektrikoak ere dezente ari gara saltzen, adin batetik aurrerako jendearentzat ondo saltzen dira", esan du Zugastik. Aldiz, errepideko bizikletak dira gutxien saltzen direnak, baina lehen ere horrela omen zen.
Adinari erreparatuz, haurrak, gazteak eta baita helduagoak ere, denetarik joaten da bizikletak erostera. "Umeentzat, agian, ez ditugu hainbeste saltzen, baina 30-50 urte bitarteko pertsona pila bat etortzen dira", zehaztu du Zugastik. Gainera, Oñatiko jendea ez ezik, kanpoko jendeak ere eskatu dizkio bizikletak: "Burgosetik ere deitu didate ea bizikleta konkreturen bat baneukan galde-tzeko. Inon topatzen ez dutenez, aukera bakarra dendetan stockean dagoena da eta jendea deika dabil".
Hainbesteko eskariarekin lanez gainezka dabiltza bizikleta dendak, baina ia bizikletarik ez dagoenez "hondamendia" izaten ari da. Horrela definitu du egoera Nagore Elorzak, Azkoitiako Elorza Bizikletak dendako jabeak. "Stockean ez dago ezer eta modelo bakoitzetik bizikleta bat edo bi bakarrik iristen zaizkigu orain", dio Elorzak.
Bizikleta faltaren arrazoia "garbi" zein den ez dakiela adierazi du, baina abenduan Txinan koronabirusa agertu zenean, sektorea ukituta geratu zela dio: "Materiala faltatzen hasi zen fabrikatzaileentzat. Beraz, bizikletak muntatu ezinik egon ziren eta pixkanaka emailak bidaltzen hasi ziren eskaerak atzeratu egingo zitzaizkigula esanez".
Bi hilabetez bizikleta dendak geldirik egon dira eta irekierak denboraldi altuan harrapatu dituenez, "denera iritsi ezinik" dabiltza. "Nik uste dut denok berdintsu gaudela, ze guk ere Whatsappeko taldeak ditugu saltzaileen artean eta horni-tzaileak galdetzen digu ea norbaitek bizikleta zehatzen bat daukan. Baina, noski, inork ere ez dauka", adierazi du Elorzak.
Hala ere, Elorza Kirolak dendara ere jende asko joaten da bizikleta eske eta azkoitiarrak ez ezik, kanpoko bezeroak ere badituzte. "Hemen daukat Zaragozako pertsona batek eskatutako bizikleta bat eta esan dit mugak zabaltzen dituztenean bila etorriko dela", dio irribarretsu. "Lehengo astean ere ba omen zegoen bizikletaren bat edo beste Donostiara eramateko, bestea Legazpira... jendea zoratuta dabil bizikleta bila", gaineratu du.
Elorzaren iritziz, itxialdiak jendea kalera gogo gehiagorekin ateratzea eragin du. "Itxialdian zehar ere guztiak etxean kirola egiten aritzen ziren eta ematen zuen inork ez genekiela geldirik egoten", dio. Zugastik bezala, Elorzak ere antsietate eta estres handia dagoela uste du eta jendeak bizikleta deskonekta-tzeko tresna gisa erabiltzen duela.
"Lehen ere jende asko ibiltzen zen bizikletan, baina orain eguraldiak lagundu egiten du. Gainera, jende asko dago ABEEn eta agian jendeak denbora libre gehiago dauka", adierazi du Elorzak.
Momentuz, ez dakite bizikleten merkatua bere onera noiz itzuliko den eta bizikleta berriak eskatzen dituztenek denbora dezente egon beharko dute dendara iristeko zain. Bitartean, etxeko bizikleta zaharra konpontzera eramatea izango da onena.
"Bizikleta bat erostea erabaki nuen udan izango dudan denbora librea aprobetxatzeko"
Mendiko bizikleta erosi duen zumaiarra
"Hasiera batean, kalera irteteko aukera bakarra kirola egitea eta bizikletan ibiltzea zen"
Lizarralde kirolak dendako dendaria
"Stockean ez dago ezer eta modelo bakoitzetik bizikleta bat edo bi bakarrik iristen zaizkigu"
Elorza Bizikletak dendako jabea
Gipuzkoako dendetan, batez ere, mendiko bizikletak eta bizikleta elektrikoak saltzen ari dira adin guztietako jendearentzat