- Aita Mari erreskate on-tziko arduradun den Salbamendu Humanitariotik atzo jakinarazi zutenez, Italiako agintariek leporatutako "akats gehienak dokumentalak" dira, eta "ez diote segurtasunari eragiten". Gainera, Espainiako Estatuan jaulkitako "ziurtagiri guztiak" indarrean dituztela azpimarratu nahi izan zuten.
Italiako kostazainek asteazkenean ibilgetu zuten euskal atunketari ohia Palermoko portuan, "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" ikusi ostean; hori dela eta, arazoak konpondu bitartean uhartean geratu beharko du.
Arazo eta hutsune horiek "tripulazioaren segurtasuna ez ezik, ontzian zeuden pertsona guztiena ere arriskuan jar dezakete" Italiako kostazainen esanetan; eta "itsas ingurunearen babesean ere arau-hauste batzuk" atzeman zituztela gaineratu dute.
Salbamendu Humanitario elkartetik erantzun dutenez, "Aita Mariren nabigazio guztietan eta esku-har- tzeetan legea ezin zorrotzago bete-tzen da".
Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, ikuskapenak iraun zuen "zortzi orduetan" atzemandako "akats gehienak dokumentalak dira, eta ez dute nabigazioaren segurtasunean inolako eragin larririk", Espainian jaulkitako ziurtagiri guztiak indarrean baititu ontziak.
Salbamendu Humanitarioko lege-aholkulariak tentuz aztertzen ari dira "akats horietatik zeintzuk" egotz dakizkiokeen Aita Mariri, izan ere, Italiako agintariek adierazitakoetatik "asko tamaina handiagoko ontziei bakarrik ezarri dakizkieke", gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, eta justifikaziorik ez duten guztiei "alegazioak" jarriko dizkietela iragarri dute.
Giza eskubideen aldeko erakundeei legea aplikatzerakoan erakutsitako "maila bereko ardura instituzionala" eskatu zieten Aita Mariren arduradunek agintariei, itsas zabalean etorkinez beteta dauden "txalupei laguntza emateko betebeharrari dagokionean".
"Zalantzaz" beteriko egoeran daudela azaldu dute Itsas Salbamenduko iturriek. Behin izapide guztiak konponduta, Aita Marik Pasaiarako bideari ekingo dio, ontziak behar dituen mantentze-lanak bertan egiteko asmoz.
Joan den apirilaren 19an, euskal itsasontziak hilaren 13an erreskatatutako 34 pertsona Italiako ferry batean utzi zituzten Palermoko portuaren aurrean. Han, bi asteko berrogeialdia pasa behar zuten COVID-19 pandemiaren ondorioz, Sea Eye gobernuz kanpoko erakunde alemaniarraren Alan Kurdi itsasontziak salbatutako beste 147 migratzailerekin batera.
Alemaniar ontziak ere Aita Mariren antzeko jakinarazpena jaso omen zuen asteartean Italiako kostako agintariengandik, euskal gobernuz kanpoko erakundetik ziurtatu dutenez.