bilbo - Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikideko katedradunak jasoko du 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria. Epaimahaiak historialariaren dibulgazio lana, bere ikerketa-ildoei jarraitzen dieten taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagu-tza euskal gizarteari transferitzeko lana nabarmendu ditu.

"Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin", azaldu du Hezkun-tza Sailak.

Zentzu horretan, Agirreazkuenagak ibilbide oparoa dauka. Beste gauza askoren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da 1980tik eta ikerketa-talde bat zuzentzen du 1988tik; talde hori 17 ikertzailek osatzen dute, eta euskal historiografia garaikidea berrikusi eta berritzeko lagungarria izan den ikerketa-kontzeptua baliatzen dute. Ikuspegi orokor eta metodologikoki eguneratu batetik abiatuta, metodo horren bidez erdietsitako emaitzak euskaldunon historia orokorra berritzerako orduan "funtsezkoak" izan dira. Hartara, epaimahaiak bere ikerketa- eta irakaskuntza-ibilbidea, interes historiografikoen zabaltasuna edota haren argitalpen ugarien kalitatea azpimarratu ditu.

Horrez gainera, transferentzia zientifikora zuzendutako zenbait ikerketa-egitura ere sortu ditu, esaterako, Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, Bidebarrieta Kulturgunea edo bere ikerketa-arloarekin bat datozen aldizkariak eta en-tziklopedia. Halaber, ikerketa historikoak ere burutu ditu Agirreazkuenagak, euskaldunon kasua eta historia ikuspegi orokor eta konparatibo batetik aztertuz. Hiztegi biografikoen esparruan ere ekarpen metodologiko eta teorikoak egin ditu, eta EAEko Ordezkaritza Batzarra eta Legebiltzarra nazioarteko foro eta ikerketa-sareetan kokatu ditu, euskal historiografia nazioartean zabaltzeko jomugarekin.

berezitasuna Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria, baina berezitasun bat badauka: urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen modalitatean egiten du deialdia, eta urte bikoitietan, berriz, Zientzia eta Teknologiako modalitatean. Agirreazkuenaga sariaren 24. irabazlea da.