Planetako biodibertsitatearen osagai nagusia eratzen dute kakalardoek, armiarmek, sorgin-orratzek eta tximeletek. Nahiz eta horietako batzuk zenbaitentzat hain erakargarriak ez izan, mesedegarriak izan daitezke ingurumenarentzat eta horien kontserbazioa jasangarritasunerako giltzarri da. Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, espezie ornogabeen %1 bakarrik da kaltegarria eta, %99k, aldiz, ekosistema mantentzen laguntzen du.

Basabizitzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo, eta horrekin batera Aranzadik Escaralimania izeneko proiektua aurkeztu zuen: kakalardoei, armiarmei, sorgin-orratzei eta tximeletei buruzko ikastaroa. "Batzuetan badakigu intsektu horiek existitzen direla, baina ez dakigu nolakoak diren, zer egiten duten edo zer onura egiten diguten gizakioi", nabarmendu zuen Beatriz Diaz Aranzadi Zien-tzia Elkarteko entomologoak aurkezpenean.

Proiektuaren helburua parte-har-tzaileei horri guztiari buruzko informazioa helaraztea da eta animalia horiek duten garrantzia, nahiz horiek behar bezala kontserbatzeko dauden arazoak jorratuko dira bertan. Herritarren zientzia-proiektu honek bi urte iraungo ditu (2020-2022) eta Aranzadiren gidaritzapean, Zerynthia elkarteak, Lurgaia fundazioak eta Bidasoa Lanbide Heziketako ikasleek ere hartuko dute parte.

Zutabeak Escaralimania lau zutabetan oinarritzen da: ikasi, behatu, parte hartu eta ekin. Lehenengo urtean zehar entomozaleak trebatuko dira, espezieak identifika-tzeko ikastaroen (ikasi atala) eta espezieak behatzeko dibulgaziozko irteeren bidez (behatu atala). Bigarren urtean, aldiz, ikasitako guztia praktikan jarriko dute eta habitatak eraikitzeko edo hobetzeko ekintza zehatzak egingo dituzte (parte hartu eta ekin atalak), animalia horien kontserbazioari laguntzeko.

Proiektuaren bigarren urtean egingo duten lehenengo ekintza Gorbeian izango da, Araban. Tximeleten kontserbazioaz arduratzen den Zerynthia elkartea arduratuko da zuzentzeaz eta proiektuan parte hartzen dutenekin batera tximeleta oasibat egingo dute. "Tximeleta oasiak lorategietan tximeletentzat bizilekuak sortzeko erreminta bat dira eta intsektu horiek erakartzen dituzten landareak landatzean oinarritzen da", azaldu zuen Yerai Monasterio Zerynthia elkarteko zuzendariak.

Bigarren irteera Lurgaia fundazioarekin batera egingo dute eta Urdaibaiko biosferaren erreserban zuhaitzak landatu, hildako egurrarekin habitatak sortu eta hezetasun inguruak berreskuratuko dituzte; putzuak egiten, esaterako. "Horrek mesede egingo die programa honen helburu diren intsektuetako batzuei; kakalardoei, armiarmei eta burrun-tziei, zehazki", adierazi zuen Alberto Castro Aranzadiko kideak.

Azken ekimena Gipuzkoan egingo dute, Ordiziako Oiangu parkean. Bertan, Bidasoa Lanbide Heziketako ikasleekin batera intsektuen hotel bat eraikiko dute eta, era berean, dibulgaziozko jarduerak egingo dituzte, hala nola, hazi-bolak. "Gure ikastetxean industriari buruzko ikasketak egiten dituzte ikasleek eta intsektuentzat hotelak egiteko ekimena garrantzitsua iruditzen zaigu, berria baita guretzat", esan zuen Alberto Arranzek, Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren zuzendariak. "Lehen zomorroak zapaldu egiten genituen eta orain etxeak eraikiko dizkiegu; sentsibilizaziorako balioko digu", gaineratu zuen, pozik, Arranzek.

Proiektu honetan zehar, askok sekula ikusi gabeko gauzak ezagu-tzeko aukera izango dute. Adibidez, "bitxi samarrak" diren hazi-bolak egin eta erabiltzeko aukera egongo da. "Satorrek altxatzen duten lurrarekin egindako bolak dira; humusarekin nahastu eta hemengo landareen haziak sartzen zaizkie barnean", azaldu zuen Diazek. Ondoren, hazi horrek ernamuintzeko mantenugai guztiak dituenez, bola mendira jaurti eta landarea hazten da bertan. "Horrela, jendeak ongi pasatzeaz gain, ikasi ere egiten du", gaineratu zuen Aranzadiko entolomogoak.

parte hartzea Escaralimania proiektuan parte-hartzea doakoa izango da eta nahi duenak Aranzadiren bidez edo parte hartuko duten beste elkarteen bidez eman beharko du izena. Informazio guztia www.aranzadi.eus webgunean jarriko dute eskuragarri.