donostia - Itzultzailea.eus doako itzultzaile automatiko eleaniztuna jarri zuen martxan atzo Elhuyarrek, ordenagailu zein mugikorretarako. Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologiarik aurreratuenean oinarrituta, Euskadiko hiru hizkuntza nagusiak (euskara, gaztelania eta frantsesa) ezagun dituen itzultzaile automatikoa garatu du fundazioak; katalana eta galiziera ere gehitu dizkio, eta gizartearen eskura jarri du, doan.

Elhuyarreko itzultzailea itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, bestela, aplikazioa mugikorrera jaitsi. Bi aukeretako edozeinetan, bost hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko aukera ematen du: euskara, gaztelania, frantsesa, katalana eta galiziera. Horretarako, nahikoa da idatzia testu-koadroan sartzea, zein hizkuntzatara itzuli nahi den aukeratzea, eta “itzuli” botoia sakatzea.

Elhuyarreko I+G ingeniariak teknologia aurreratuenez baliatu dira itzultzaile automatiko hau garatzeko; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak erabili dituzte. Erosoa eta erabilerraza da, malgua izateaz gain; horrek aukera ematen du bezeroei zerbitzu pertsonalizatu aurreratuak eskain-tzeko, bakoitzaren beharren arabera. Esate baterako, Elhuyarren itzultzaile automatikoaren bidez, formatua duten dokumentuak bere osotasunean itzul daitezke segundo gutxitan.

1972an sortu zenetik, Elhuyarrek, hizkuntzak zientziarekin eta teknologiarekin uztartzeko borondate argia erakutsi du, eta euskararen eta inguruko hizkuntzen tratamenduaren erreferente bihurtu da harrezkero. 2002an eman zituen lehen urratsak hizkuntzaren teknologien ikerketan, Hizking 21 proiektuarekin, eta handik bi urtera itzulpen automatikoaren erronkari heldu zion. Ordutik, alor horri lotutako proiektu ugariren parte izan da, eta hainbat zerbitzu jarri ditu martxan erabiltzaileen eskura. 2007an, EHUko Ixa ikerketa taldearekin batera, Interneten zabaldu zuen euskarazko lehen itzultzaile automatikoa: Matxin. Arauetan oinarritutako eta kode irekian garatutako itzulpen sistema bat zen.

2011n, garaiko teknologiarik aurreratuenari jarraiki, bi norabideetan euskararen eta gaztelaniaren arteko lotura egiten zuen, eta sistema estatistikoetan oinarritutako itzultzaile automatikoa garatzen lagundu zuen. 2016an, EHUko Ixa ikerketa taldearekin eta Ametzagaiña, Isea eta Vicomtech enpresekin batera, Modela ikerketa-proiektua abiarazi zuen Elhuyarrek, adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarrituta. Hala sortu zen 2018an euskarazko lehen itzultzaile automatiko adimenduna: modela.eus. Modelak gaztelaniatik euskarara zein euskaratik gaztelaniara itzultzen du, eta nabarmen hobetu du aurreko itzultzaile automatikoen emaitzen kalitatea. - M. Tolosa