GURE zaharrek "basapizti" edo "pizti" bezalako hi-tzak erabili izan dituzte beren inguruan hautematen zituzten animalia haragijaleak izendatzeko. Konnotazio negatiboak edukiagatik, baina, esamolde horiek urrun geratzen dira gaztelaniaz erabili izan den bertsioaren -alimaña- aire etsaikorretik. Izan ere, min-tzairan utzitako arrasto horrek erakusten du, dudarik gabe, gizakiaren higuina eta jazarpena jasan duten espezieak izan direla historikoki.
Ezin ikusi horrengatik batez ere, galtzeko arriskuan egon dira Euskal Herri osoan "basapizti" etiketa izan duten espezie ugari. Azken urteotan galera hori ahuldu egin dela diote adituek, ordea, populazio horietako asko pixkanaka berreskuratzen ari direlako, adituek diotenez. Gipuzkoa izan daiteke horren adibide; salbuespenak egon badaude, baina Foru Aldundiko ingurumen teknikarien esanetan, ugaztun haragijaleen kopuruak gora egin du herrialdean 1980ko hamarkadatik gaur arte.
Talde horretan sar daitezkeen animalien artean, mustelidoen familiakoak dira gehientsuenak. Erbiñudea (Mustela nivalis), azkonarra (Meles meles), lepahoria (Martes martes), ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) eta ipurtatsa (mustela putorius), kopuru ezberdinetan bada ere, herrialdeko habitatetan bizi dira. Tamaina txiki nahiz ertaineko haragijaleak dira guztiak, baso, belardi nahiz erreka inguruetan bizi zaleak, espeziearen arabera beti ere.
Sorta horretatik at sailkatzen dira zuhaizti eta mendietako beste bizilagun zahar batzuk: katajineta (Genetta genetta), azeria (Vulpes vulpes) eta basakatua (Felis silvestris).
ehiztari sena
Ilunabar eta gauez
Taxonomiak sendi ezberdinetan kokatu arren, ezaugarri komunak ere badituzte horiek guztiek. Nabarmenena, ziur asko, ehiztari sena. Harrapariak dira erreportaje honetan ageri diren animaliak. Ezagunak dira erbiñudearen ausardia, katajinetaren kamuflatzeko gaitasuna eta azeriaren zuhurtzia, esaterako. Txoriek, marraskariek, untxiek eta, oro har, ornodun txikiek ongi ezagutzen dituzte ahalmen horiek guztiak.
Gainera, ilunabar eta gau partean bilatzen dituzte harrapakinak. Eta horrek ikusteko bereziki zailak bilakatzen ditu. Zientzialarientzat ere erronka handia da espezie horien inguruko informazioa lortzea; ezagupen lauso horren adibide gisa har daitezke erbiñudea eta ipurtatsa. Herrialdeko mustelidoen artean txikienetakoak dira biak, lepahoriarekin batera.
"Ia guztiak oso dentsitate maila txikiak izatera iritsi dira, batez ere basakatua, ipurtatsa eta ur-ipurtatsa", baieztatu du Iñigo Mendiolak, Basa Animalia eta Landareen foru zerbitzuburuak. 1985ean egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ornodun kontinentalen lehen katalogoa eta agerian geratu zen ugaztun haragijaleen distribuzio ahula.
Mendiolak gogoratu duenez, gizakiaren "jazarpena" jasan izan dute tradizionalki basapiztiek. Batez ere baserrien inguruan eragin zitzaketen kalteengatik. "Oraindik jendearen memorian fama txarra dute. Garai batean herri guztietan izaten zen tranpa-jartzaile bat eta ordaindu egiten zitzaion harrapatutako animalia bakoitza", gaineratu du. Katajineta, marta, azeria eta ur-ipurtatsaren larruak ere trofeo interesgarriak ziren diru gosez zebiltzan ehiztarientzat.
ekosisteman
Piramidearen goialdean
Historikoki izan duten ospe txar horren aurrean, harrapariek ekosisteman jokatzen duten funtzio "oinarrizkoa" kontrajarri du Mendiolak. "Elikadura piramidearen goialdean daude. Populazioak erregulatzen dituzte, beren ehizakiak inork ez zituelako jango bestela", argitu du. Gauzak horrela, landa eta basoetan giza jarduera gutxitu eta ingurunea naturalizatzen ari den heinean, espezie horiek berreskuratzen ari dira Aldundiak dituen datuen arabera. Mehatxupean jarraitzen dute Gipuzkoan, hala ere, ur-ipurtatsak, ipurtatsak eta basakatuak. Lehenaren egoera oso larria da, azken hamarkadan populazioa mantendu bada ere; bigarrenaren dentsitate maila ere ez da murriztu; eta azkenarenak gora egin du emeki.
Galera nabarmenena, baina, orain arte oso zabaldua egon den animalia bati erasaten ari da azkenaldian. "Ez dakigu zergatik, baina erbiñudearen inguruan ditugun datuak behera doaz penin-tsula osoan", azaldu du Aldundiko teknikariak. Basapiztien esnatzea -oraindik behintzat- erabatekoa ez den seinale.