Donostia. Aisialdiko begirale eta zuzendarien formakuntzari dagokion legedia aldatu du berriki Espainiako Gobernuak. Aspalditik arlo horretan lanean diharduten euskal eskola eta taldeengan kezka sortu du araudi berriak eta, orain, lege-eremu hori Euskal Autonomia Erkidegora egokitzeko harremanetan hasi direnean, beren nortasuna errespetatu eta orain arte pilatutako esperientzia kontuan hartu dadila eskatu dute.
"Gure lan egiteko ereduan sinestea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, historikoki egin dugun lana errespetatu eta gure esku jarrai dezala heziketa ez formalari dagokion formazioa, ez lanerako titulu bat lor-tzeko tramite huts gisa, atzetik talde eta lan boluntario ugari dagoelako, aisialdiko mugimendu sare handia", aipatu du Itxaso Anduezak, Hezkide Eskolako teknikariak. Hau da Gipuzkoan begiraleak -edo monitoreak- trebatzen dituzten sei erakundeetako bat; Bizkaian (8) eta Araban (4) beste hamalauk ere antzeko papera betetzen dute. Horietatik guztietatik (18) hamasei Euskadiko Gazte Kontseiluaren (EGK) Aisialdi Foroko kide dira. Topagune horrek bideratu ditu, hain justu, Jaurlaritzarekin edukitako elkarrizketak.
Aisialdiko begirale eta zuzendarien parte-hartzearekin egiten dira Euskal Herrian hainbat eta hainbat ekimen, haur eta gaztetxoei zuzenduta gehienak. Udalekuak dira adibide ezagunena, baina hor daude baita ere gaztelekuetako dinamikak eta mota askotako tailerrak, kasu. Boluntariotza eta gizartearen onura bezalako baloreek bultzatzen duten eskola hauen lana.
"ardura" Gazte horien guztien trebakuntza aisialdi eskolek hartu dute beren gain azken hiru hamarkadetan. Ikastaroak antolatu dituzte eta urtetan pilatutako esperientzia transmititu diete ehunka ikasleri. Azken horiek, formakuntza teoriko bat jaso eta praktika ordu jakin ba-tzuk bete ondoren, Kultura Saileko Gazteria zuzendaritzak homologatutako titulo bat jaso ohi dute.
Baina Madriletik iritsitako neurriek eredu hori kolokan jarri dute berriki eta "arduraz" hartu dute berria euskal eskolek. "Orain arte ematen genuen formazioan eragin handia zuen eta ez genekien zein punturaino eragingo zigun, ezta gai izango ote ginen aldaketari aurre egiteko eta gure neurriko eskola txiki askok berdina pentsatu zuten", jakinarazi du Itxaso Anduezak. Hala ere, arazoa "aukera" moduan ikusten saiatu dira, "ikastaroa hobetzeko eta eguneratzeko", alegia.
Estatuko araudia berriak Hezkun-tza eta Lan sailen menpe uzten du aisialdiko dinamizatzaile eta adituen trebakuntza horren gainbegiratzea, Aisialdiko Foroko koordinatzaile Iban Barriok zehaztu duenez. Euskal eskolen iritziz, baina, eskumen horrek Gazteria zuzendaritzaren menpe jarraitu behar luke, orain arte bezala. "Beste aukera bat hezkuntza arautuan sartzea litzateke. Eta horrek gure eskolen idiosinkrasiari eragingo lioke: baloreetan, dinamiketan eta hezkuntzan, besteak beste, oinarritutako eredua da gurea", aipatu du Barriok.
Badirudi Gazteria zuzendaritzaren gainbegiratze hori mantentzeko prest dagoela momentuz Jaurlari-tza. Baina eraldaketa honen beste erpin batzuek hor jarraitzen dute eta aisialdiko eskolek ez lukete nahi Lan sailak "homologatutako akademia edo zentro profesional" bihurtu, Barriok azaleratu duenez.
Trebakuntzaren ikuspegitik, "aldaketa nagusiena" ordu kopurua da, Itxaso Anduezaren esanetan. Zati teorikoa 150 ordu lirateke, "orain arte baino 50 gutxiago". "Praktikaldiari dagokionez, lehen 120 ordu eskatzen ziren eta orain 160 izango dira", gaineratu du. Helburuetan oinarritu partez, bestalde, "gaitasunak" landuko lituzkete ikastaro berrietan.
Ondorioz, Hezkideko teknikariaren ustez, ikastaroaren "diseinu berri bat" egin beharra ekarri du legedi berriak. Irakaslegoak bete beharreko baldintzak "zorrotzak" izango dira eta ikastaroak emateko "espazioek" ere beste baldintza ba-tzuk bete beharko dituzte. "Irakasleei titulua edukitzea eskatuko zaie, baina urte askotan zehar aisialdian lanean ari diren gazteen esperien-tzia ere kontuan edukitzea nahi dugu eta eskolek hori ziurtatu ahal izatea", gaineratu du Iban Barriok.
Aisialdiko Foroko koordinatzaileak gogoratu duenez, edukiak "pedagogiarako hizkuntza eta gaitasun" berri horietara egokitu beharko dituzte eskolek. "Arlo horretan ez da iraultza bat izango orain arte egiten zenarekin alderatuz, baina liberatutako langilerik ez duten eskolentzat lan handia da, horretarako baliabiderik ez dutelako. Ba-tzuek gaizki pasako dute", gaineratu du Barriok. Hori guztia kontuan hartuta, elkar ulertzera iristeko "borondatea" eta "bultzada berri" bat eskatu dio Jaurlaritzari.