donostia. Joan den abenduaren 3an Euskararen eguna ospatu zen eta Eusko Ikaskuntzak Sustraiak-Erroak elkartea omentzea erabaki zuen. Atzo ospatu zen Donostiako Miramar jauregian sari banaketa eta bertara Jose Maria Muñoa, Eusko Ikaskuntzako presidentea; Iñigo Apaolaza, Eusko Ikaskun-tzako gerentea; eta Iñigo Leturia, Sustraiak-Erroak elkarteko presidentea gerturatu ziren.

2006 urteaz geroztik banatzen diren Ene sariak euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duen erakunde bat omentzen du urtero eta aurtengo saritua Pariseko Sustraiak-Erroak elkartea izan da. Bere presidenteak, Iñigo Leturiak, poz onez jaso zuen saria. "Ilusio handia egiten digu elkarte osoari horrelako sari bat jasotzea. Askotan proiektuak antolatzen ditugu baina jendearen erantzuna ez da handiegia, eta batzuetan momentu txarrak izaten dira. Horregatik sari honek aire freskoa ematen digu momentu txarretan lanean jarrai-tzeko".

Jose Maria Muñoaren ustez, "azpimarragarria" eta "esker-tzekoa" da elkarteak burutzen duen lana "Parisen euskara sustatzeko".

Muñoaren iritziz, "atzerrian horrela lan egiten duenak gure sustraien alde eta euskararen alde benetan gure esker beroena merezi du eta lagundu egiten digu guk, hemen, gure hizkuntza mantentzen eta indartzen lan egin dezagun".

Leturiak onartu zuen ez dela erraza taldea "aurrera ateratzea", baina zailtasunak izanda ere, elkarteak 28 urte daramatza Paris euskalduntzen eta oraindik ere urtero antolatzen dituzte euskara ikastaroak eta hainbat ekintza. "Hitzaldiak, klaseak, dantzak eta horrelako gauzak antolatzen ditugu eta bidaiak ere bai. Pariseko arazoa da hizkuntza praktikatzeko giro bat aurkitzea oso zaila dela", azpimarratu zuen Leturiak. Horregatik, Sustraiak-Erroak taldeak urtean behin edo bitan antolatzen ditu Euskal Herrira bidaiak "benetan euskal giro batean sartzeko, euskara praktikan jartzeko eta konturatzeko bizitza euskaraz bizi daitekeela, hizkuntza bizirik dagoen zerbait dela".

Sustraiak-Erroak taldea 65-70 lagunek osatzen dute. Gehienak perfil ezberdinetako ikasleak dira. "Gehien bat Iparraldeko jendea dugu, euskara berreskuratu nahi duena", aitortu zuen Leturiak. Baina bada beste motako motibazioek mugitzen duten jendea ere. "Ikasle batzuk hizkuntzalariak dira. Euskarari buruz entzun dute eta arraroa delako edo zaharra delako gurera gerturatzen dira ikastera. Beste batzuk, ordea, Euskal Herrira behin etorri eta berarekin zerikusia duen zerbaitekin maitemindu direnak ditugu, bai pertsonengatik, tratuarengatik, lurraldearengatik? Eta hori nahikoa izan dute euskara ikasi nahi izateko".

Ikasle horiek "harritu egiten dira" Euskal Herrira etortzen direnean jendeak ez duelako euskara erabiltzen. "Egoera xelebreak sortu izan dira", gogoratu zuen Sustraiak-Erroak elkarteko presidenteak: "Ikasleek ez dute ulertzen zergatik jendeak hemen, Euskal Herrian, hainbeste aukera edukita ez duen ikasten. Hori galdetzen diote jendeari eta bertakoak hitzik gabe gelditzen dira, ez dakite zer esan".

Elkartearentzat ez dan lan erraza izan 28 urte hauetan martxan jarraitzea eta Iñigo Leturiak atzoko momentua aprobetxatu nahi izan zuen ikasleei eta erakundeei eskerrak emateko. "Frantzian hizkuntza arloan diru-laguntzak jasotzea ia ezinezkoa da eta, beraz, eskertu beharra dago Eusko Jaurlaritzak ematen digun laguntza", azpimarratu zuen. Gainera, gogoratu zuen elkartearen historia osoan bolondres mugimendua izan dela protagonista: "Ikasleek kotizazio bat ordaitzen dute urtean baina oso baxua da eta saiatzen gara bolondres kontzientzia sortzen". Eusko Ikaskuntzako presidenteak ere hori azpimarratu zuen. "Euskarazko kurtsoak zein kontzertuak edo hitzaldiak bolondresek antolatze dituzte eta eskertzekoa da egiten duten esfortzua talde batek euskara ikas dezan eta euskaraz egin dezan".

Iñigo Leturiak argi dauka mugimendu horregatik ez balitz ez liratekeela "gai izango talde hori aurrera ateratzeko", esker onez aitortu zuenez.