DONOSTIA - Sagardotegietako esperientzia segurua izan dadin, protokolo zorrotza ezarri dute. "Arauekin bat joatea da gure lehentasuna", azpimarratzen du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. Izurritea hasi zenetik, 18 milioi euroko galerak izan dituztela kalkulatzen dute sagardogileek, kopuru benetan handia, sagardoarena sektore "txikia" dela kontuan hartuta.

Astero-astero murrizketetan aldaketak daude eta bete-betean harrapatzen ditu ostalaritzaren sektorea. Nola daramazue sagardogileok?

Sagardogileen sektorean aritzen garenok kon-tziente gara etengabe aldaketak daudela. Otsailaren 5ean sagardoaren denboraldiari hasiera emateko erabakia hartu genuenean, esate baterako, bagenekien garai ezengonkor baten aurrean geundela. Gauzak txukun eta ondo egitea da gure lehentasuna, horrexegatik protokolo zorrotz bat jartzea erabaki genuen, sagardotegietan kontsumitzea segurua izan dadin.

Zertan datza martxan jarri duzuen protokoloa?

Uneoro egokitu daitekeen protokoloa egitea izan da gure helburua, izan ere, arauekin bat joatea da gure lehentasuna. Une honetan, ezin da zutik kontsumitu, mahaietan launaka gehienez eta mahaien artean metro eta erdiko distantzia mantendu behar da. Hortaz, uzta berria mahaian kontsumitzeko modu erakargarria proposatu dugu, sagardoa botila edo pitxer gardenetan zerbitzatuz, eta kontsumitzen duten sagardoari buruzko informazio guztia ematen duten txartelekin batera. Honako datuak eskaintzen ditu aipatu txartelak: sagardotegia, kupel zenbakia, sagarra, sagastia, eta abar.

Sagardoa pitxerretan kontsumitzea ez da gauza berria...

Sagardotegietan sagardoa txotxetik edateko esperientziak 70 urte besterik ez ditu. Hori baino lehenago, baso edo pitxerretan hartzen zen sagardoa. Industrializazio garaian gain- behera egin zuen sagardo kontsumoak, eta berriz ere demanda handitzen hasi zenean, pixkanaka, sagardotegietara sagardo berria aukeratzera joaten hasi ziren taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetako arduradunak, kontsumitzaileekin batera. Kupeletako sagardoa dastatu eta sagardo botilak enkargatzeko asmoz joaten zen jendea sagardotegira. Gerora, sagardotegiak janaria ere eskaintzen hasi ziren. Hortik sortu zen gaur egun ezagutzen dugun sagardotegien esperientzia, baina pitxarretan kontsumitzea lehenagokoa da.

Nolakoa izan da aurtengo sagardo ekoizpena?

Guztira, 8 milioi litro sagardo egin dira; iaz baino 4 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du aurten 3 litrotik 2 baino ez direla egin. Euskal sagardoari dagokionez, sagarren uzta 2019koa baino txikiagoa izan da eta 1.200.000 litro egin dira.

Egoera honek salmentetan eragin handia izango duela uste duzue?

Txotx denboraldia oso garrantzitsua da sagardogileontzat, baina sagardo guztiaren %5a besterik ez da kontsumitzen txotxean; sagardoaren %95a botilan saltzen da. Online eta dendetan salmentak igo egin dira, baina egia da ostalaritzan saltzen dela gehien bat eta ostalaritzan izandako galerak ez ditu berreskuratu bestelako salmentak. Joan den martxotik 2021eko otsailera bitartean, 18 milioi euro galdu ditu sagardoaren sektoreak eta sektore txikia izanik, kopuru handia da hori.