020ko uztako milioi bat litro sagardo erosiko du Eroskik eta udaberri aldera iritsiko da bere dendetera. Kopuruei begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sagardo naturalaren saltzaile nagusia da, bai Euskal Sagardoa jatorri deiturarena eta bai Gorenak zigiluarena.

Iragarri duenez, 2021ean iaz baino %15 gehiago saltzeko asmoa du. Ia milioi bat litro saldu zituen (930.642 litro); hala, EAEko banaketa kanalean saldutakoaren bi botilatik bat Eroskiren saltokiren batean saldu zen.

Kooperatibak EAEko hogei bat etxerekin lankidetzan dihardu, Euskal Sagardoa eta Gorenak zigiluen 38 bat erreferentzia komertzializatzen, bere marka barne. Gero eta indar handiagoz ari da, gainera, hemengo ekoizpen ehunaren aniztasunaren alde.

"Euskal Sagardoarekin dihardugu 2016an sortu zenetik. Erakunde horrek sagardoa prestigiatzeko lan egiten du, eta elkarrekin berrikun-tzak lantzen goaz arlo horretan, dela formatu berriekin, dela premia berriekin, ohiko merkatuen alternatibak bilatzeko estrategian sagardo naturala balioan jartzeko", adierazi du Eroskiko Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

"Euskal Sagardoa Jatorri Deitura daraman sagardoa bertako sagarrekin bakarrik egiten da. Sagarraren ekoizpena profesionalizatzen ari dira pixkanaka, sagarrak ahalik eta kalitate onenekoak eta uztak orekatuak izan daitezen eta, era berean, Euskal Sagardoaren kalitatea berma dadin. Horrekin batera, Eroski bera, bana-tzailea den aldetik, funtsezkoa da sagardoaren sektorearen etorkizuna bermatzeko", azaldu du Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren gerenteak, Unai Agirrek.

2017an, Euskal Sagardoa zigiluarekin egiaztatua dagoen kalitatezko sagardo bati bere marka jartzen dion lehenengo banaketa katea izan zen kooperatiba. Ekimen horrekin, Eroskik beste pauso bat eman du euskal ekoizpen ehunaren aniztasunaren alde. "Apustu hori aurrera eramateko garaian, Eroskik laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen die nekazaritzako produktuak hornitzeaz arduratzen diren tokiko eragileei, eta eskaintza zabal eta askotarikoa egiteko erabakia hartu du; ondorioz, tokiko 2.000 ekoizle txikiren 20.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu", esan du Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.