Betisen zelaian jokatuko du aste honetako Ligako partida Realeko emakumezkoen taldeak, gipuzkoarren arteko derbia irabazi eta gero. Garaipen hura oso ondo etorriko zaie jokalariei, Nerea Eizagirreren iritziz: "Oso garaipen garrantzitsua izan zen. Selekzioarekin joan aurretik Ligan ez genbiltzan batere sentsazio onekin, baina garaipen hau oso ondo etorri zaigu. Lehen zatian kosta egin zitzaigun, baina bigarrenean taldeak ongi jokatu zuen. Pozik, beraz. Hiru puntuak lortu genituen, eta ea hemendik aurrera hirunaka batzen ditugun”.

Denboraldiaren inguruan hauxe aipatu zuen txuri-urdinen kapitainak: "Liga oso gogorra da. Goian gabiltzanak oso ondo jokatzen ari gara, baina beherago daudenek ere badakite jokatzen, eta ez da erraza izaten horiei gailentzea. Hemendik aurrerako partida guztiak izango dira zailak. Gure jokoa ezarri eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu behar dugu. Azken partida hartatik bigarren zatian egindakoa izan behar dugu gogoan”.

Datoren igandeko Betisen aurkako partidaz zera esan zuen tolosarrak: “Andaluzian jokatzea ez da erraza. Aurkaria Betis, Sevilla ala Huelvako Sporting izan, partida gogorrak izaten dira beti. Eurek oso argi izaten dute nola jokatu; jokalari gogorrak dira, kontaktua gustatzen zaienak… eta aldez aurretik badakigu zer nolako partidak izango ditugun. Gu, jakina, gogotik saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten".

Eibarren aurkako azken partidan, Nereak gola sartu zuen berriro ere; gol ederra eta irabazteko balio izan zuena. Bere momenturik gozoenean ote dagoen galdetutakoan, hauxe esan du: "Egia esateko, aurretik zetorrenaren jarraipena da. Joan den denboraldian oso sentsazio onak izan nituen eta orain oso ondo sentitzen naiz. Oraindik badut zertan hobetu, ordea. Baloiarekin gustura nabil, konfiantzarekin, eta areara iristean atea besterik ez dut buruan. Baina gauza asko hobetu behar ditut, batez ere zelai erdian jokatzen dudanean, defentsan ere lagundu egin behar baita”.

Sartu izan dituen gol ikusgarriak ere hizpide izan ditu jokalari gipuzkoarrak: “Area kanpotik jaurtitakoan, normalean ikusgarriak izaten dira. Entrenamenduetan asko lantzen ditut. Ez naiz mugikortasun handiko aurrelaria, baina ezkerrez zein eskuinez jaurtiketak egiten saiatzen naiz, baita hiru zutoinen artera ahalik eta azkarren asmatzen ere. Ea bolada on honek jarraipenik izaten duen”.

Europan inoiz parte hartu ez duen Realak Txapeldunen Ligarako sailkapena hain gertu izateak presioa ote dakarkien galdetuta, hauxe aipatu du Eizagirrek: “Bakoitzak bere moduan bizi du. Nire kasuan, lasai nago. Taldea oso ondo lehiatzen ari da, eta ahalegin guztia egiten badugu, garaipena gertu izango dugu. Jakin badakigu, gauzak ondo eginez gero puntuak guretzat izan daitezkeela. Eta hemendik aurrerako partidak finalak bailiran jokatu behar. Bigarren postuan gaude, horixe nahi dugu, eta ea hor amaitzen dugun”.

Eta helburu horretan, aurkariak honako hauek dira: “Real Madril, Atletico eta geu gabiltza Europako bi postu horiek eskuratzeko borrokatzen (Barçak amaituko baitu lehen postuan). Baina ez dakit zer den zailagoa, talde horien aurka jokatzea ala ez jaisteko borrokan dabiltzanen kontra. Partida guztiak izango dira gogorrak. Guk geureari eutsi behar diogu, atzera begiratu gabe ahalik eta partida gehien irabazten saiatu”.

Azkenik, datorren asteazkenean Zubietan Barçaren aurka jokatuko duten Kopako final-laurdenetako partida izan zuen hizpide: "Barça zer den badakigu, eta ez da erronka makala izango. Elkarren arteko azken partidan, amaieran nabarmen galdu arren, oso ondo aritu ginen lehen zatian. Eurak zer diren badakigu, baita gu une honetan nola gauden ere, eta oso momentu gozoan harrapatuko gaitu. Gainera, lesionatu asko dituztenez jokalari garrantzitsu asko faltako zaizkie. Horregatik ez dut nik partida galdutzat ematen; saiatu egin behar dugu, Kopa oso berezia da guretzat, aurrez irabazia baitugu, eta ilusio handia dugu kanporaketa horri begira”.