Real Sociedad Fundazioaren egunak dibertsioa, sentimendua eta zaletasuna uztartu zituen talde txuri-urdineko jarraitzaileen artean, batez ere gazteenei begira. Iaz bezala, Anoetako estadioaren kanpoaldean antolatu zuten jai eguna, ez aurreko urteetan ohitura zen legez Zubietan, oporraldi honetan instalazioetan obrak egiten ari direlako, eta festak hiru ardatz nagusi izan zituen: kirola, dibertsioa eta elkartasuna.

Igande goizeko hamaiketan hasita, Realak berak antolatutako jarduera ugarirekin gozatzeko aukera ederra izan zuten zaleek

Anoetan

Amarako futbol zelaiaren kanpoaldea hainbat gunetan banatu zen, guztietan jarduera eta ekimen ugari eskainiz. Txikiek gehien estimatu zituztenak, puzgarriak, tailerrak eta ohe elastikoak izan ziren.

Ikuskizunak

Beste ikuskizun batzuk ere arrakasta handia izan zuten egunean zehar: Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek barrez lehertzen ipini zituzten txikienak, eta txotxongiloak ere izan ziren. Jaiegunari amaiera emateko, Go! azen-en emanaldi bikainarekin gozatu ahal izan zuten, ETB1eko telesail arrakastatsuko aktoreak bertan zirela.

Realeko autobusa

Haur zein helduentzako bestelako jarduerarik ere izan zen, noski, eta Gipuzkoa osoko klubak “egun gogoangarria” izateko ahalegin berezia egin zuen, besteak beste, Realaren autobusa bisitatzeko aukera eskainiz, lehen taldeko jokalariak hara eta hona erosotasun guztiz eramaten dituen ibilgailu ezin deigarriagoa.  

Helburu solidario

Aurreko edizioetan ohitura bihurtu den legez, Realak helburu solidario bati eskaini nahi izan zion Fundazioaren eguna. Aurtengoan, Gautena elkartea aukeratu zuten, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten familiartekoen elkartea. Gizarteratzea sustatzen duen gizartean bizitza osoa eta zoriontsua izan dezaten ahalegintzea eta aukera egokiak eskaintzea du helburu Gautena elkarteak. Ezin helburu hoberik aukeratu eguna borobiltzeko.