Atletico Madril oso gogotsu dator itzuliko lehia honetara, finalean titulua defendatzeko intentzioarekin.

Joaneko partidaren ostean, kanporaketa itzulerakoan erabakitzeko geratu zen. Amaiur Sarriegik Realarentzat sartutako golak, eta txuri-urdin izandako Gaby Garciak luzapenean zuri-gorriarentzat lortutakoak banakoan utzi zuten emaitza, eta hortik abiatu beharko dute talde biek itzulerako dema erabakigarrian. 

Atleticok bi titulu baditu bere palmaresean, eta seigarren kopako finala du helburu; Realak, aldiz, bigarrena nahi du, 2019an Atleticoen aurka jokatutako bakar hura irabazi ondoren.

Joaneko neurketak agerian utzi zuen bi taldeen arteko berdintasuna, nahiz eta F Ligako sailkapenak horrelakorik erakutsi ez, Atletico bosgarren postuan baitago 35 punturekin eta Reala zortzigarren 27rekin. Bitxia bada ere, euren artean jokatu dituzten bi partidetan, biak Alcalan, erregulartasunaren torneokoa bat eta bestea kanporaketa honetakoa, emaitza berbera izan da, 1-1.

Madrildarren entrenatzaile

Manolo Canoren iritziz, asteazken honetako partida “oso lehiatua” izango omen da, eta bi taldeek garaipenaren bila joan behar dutenez, espazioak libreago egotea espero omen du. “Inolaz ere, ezinbestekoa izango da erdialdean eta atzean sendo aritzea etxekoei aukerarik ez eskaintzeko; eta erasoko lerroan fin ibili beharko dugu, gure aukerak baliatzen asmatzeko”. 

"Ezinbestekoa izango da erdialdean eta atzean sendo aritzea etxekoei aukerarik ez eskaintzeko; eta erasoko lerroan fin ibili beharko dugu"

Manolo Cano - Atletico Madrileko entrenatzailea

Partida ederra izango da, kalitate handiko lehia ikusiko baitugu; finalean egoteko helburuarekin ahalegin guztiak egingo dituzten bi talde arituko gara nor baino nor gehiago, elkarri kolpeak tiratzen behin eta berriz”, esan zuen Atleticoko entrenatzaileak, jakitun izanik, Arroyok zuzentzen duen taldeak igandean Bartzelonaren aurka jasotako 1-7koak ez duela inolako eraginik izango itzuliko honetan.

Atleticok larri samar lortu zuen Sporting Huelvak egin zion bisitan nagusitzea, orduan ere Gaby Garcia venezuelarrak lortutako 1-0eko eskasarekin. Garaipenak ordea, konfiantza sendotzen lagundu die, eta denboraldiko helburu nagusia, Txapeldunen Liga alegia, hurbilago dute jada, sailkapeneko hirugarren postuan dagoen Levanterengandik lau puntura kokatu baitira.