Sevillaren aurkako denboraldi amaierako partidarako jardunaldi berezia antolatu du Realak, bide batez Asier Illarramendiri ongi merezia duen agurra eskainiz. Talde txuri-urdinak “amestutako moduan itxiko du denboraldia. Txapeldunen Liga ziurtatuta, azken eguneko presiorik gabe, eta etxean, zaletu maiteen aurrean. Agur bero bat nahi dugu, txaloz jositakoa. Talde honek makina bat egun hunkigarri oparitu dizkigu, eta ilusioz beteriko jardunaldia izango da, lortu den guztiagatik eta datorrenagatik. Gure futbolariek ez baitute mugarik. Eta, nola ez ba, igande honetan ere azken haspereneraino borrokatuko dira guztiok poz pozik amaitzeko. Zalantzarik gabe, Anoeta beste festa giroko arratsalde polit baten atarian da”.
Fan zone “Asko eta askok abuztura arte elkar ikusiko ez dugunez”, estadioaren barrurako eta kanporako prestatu du festa Realak: “Partida hasi aurretik, 16.00etatik aurrera, Izotz Jauregiaren ondoan dagoen zelaigunea izango da zaleen topagune nagusia. Fan Zone horretan hainbat food-truck eta karpa aurkituko ditugu, janaria eta edaria eskainiz, eta DJ bat ere izango da festa musikarekin girotzeko. Harmailetako lagunekin denboraldia agur-tzeko modurik aproposena. Zelaiaren barruan, aldiz, emanaldi bat izango da atsedenaldian, baina ostiralean emango dugu horren berri zehatza”. Partida jokatzen ari den bitartean ez da bestelako jarduerarik izango, beraz, sarrerarik ez dutenek tabernaren batera joatearekin konformatu beharko dute: “Eta behin norgehiagoka eta partidu osteko ospakizunak amaitutakoan, jaia Fan Zonen bertan luzatu ahal izango da 23.30ra arte (partidan zehar Fan Zone-a itxita egongo da)”.
illarraren agurra
Realak behar bezala agurtu nahi du kapitaina eta Txapeldunen Ligari ongietorria bero eman hamar urteren ostean: “Behin partida amaitutakoan etorriko da unerik hunkigarriena. Denok espero dugun musika entzun eta elkarrekin abestuko dugu. Eta Europarako sailkapena ospatu aurretik, oso une berezia biziko dugu. Gure zutabetako bat izan dena agurtzeko ordua iritsiko da, txuri-urdinez azken partida izango duen Asier Illarramendi kapitaina, hain zuzen ere”. Mutrikuarrak zaletuen berotasuna azkenengoz senti dezan, “bazkideei partida amaitzean eserlekuetan geratzeko eskatu nahi diegu. Itzulerako autobusen irteera ere atzeratu egingo dugu, agur hunkigarriarekin eta Txapeldunen Ligako ospakizunekin goza dezagun”.