- Realak gaur ekingo dio Kopari Atletico Madrilen aurka Zubietan jokatuko duen norgehiagokan, 16.30etik aurrera, partida bakarreko final-laurdenetako kanporaketan. Irabazleak finalaurrekorako txartela lortuko du, eta ederra litzateke lehen titulua irabazi zuen 2019ko balentria errepika-tzeko aukera izatea.

Txuri-urdinek, gainera, konfian-tza berreskuratu dute ligan EDF Logroñoren aurka irabazita (3-1); sailkapeneko laugarren postuan daude, gaurko aurkariak baino zor-tzi puntu gehiagorekin. Datu harrigarria, Atletico beti izan baita emakumezkoen ligako talde indartsuenetakoa. "Partida onak kateatzen ari gara, aurkariak jarritako ia oztopo guztiak konpontzeko gauza izanez", adierazi zuen atzo Natalia Arroyok.

Realeko entrenatzaileak aitortu duenez, bere taldea "partida polit honi aurre egiteko prest dago. Ondotxo dakigu zer egin behar dugun, eta 2019koa errepikatzea sekulakoa litzateke".

Talde zuri-gorriak, aldiz, 3-2 galdu zuen Sevillan, azken minutuetan erabaki zen partidan. Denboraldi honetan ez dira maila onik ematen ari, eta Europako postuetan sartzeko helburutik urrun daude. "Oso jokalari arriskutsuak dituzte, nahiz eta orain arte ondo aritu ez. Baina aurkari honekin kontu handiz ibili behar da; gu kanporatzeko asmoz etorriko dira, eta dauden egoeran egonda, are eta arriskutsuagoak dira. Taldeak bizi dituen sentsazio txarrak uxatu nahiko dituzte", aipatu zuen Arroyok.

Realeko neskek, bien bitartean, badakite partida bakarrean edozer gerta litekeela, Ligako dinamikek eta postuek ezer gutxi axola dutela Kopako kanporaketa batean eta Madrilgo taldea tentu handiz hartu beharreko aurkaria dela.

Gizonezkoen taldeak hilabete honetan lortutakoa errepikatu nahiko luke Natalia Arroyok. "Imanolek bizitakoa berdintzea oso polita izango litzateke", adierazi zuen Realeko entrenatzaileak. "Duela aste gutxi, Imanolekin eta zaleen elkartasunarekin dardarka ginen", gaineratu zuen. Eta ametsarekin jarraitzeko lehen urratsa, Kopako finalerdietarako txartela lortzea izango da.

"Badakigu talde honek zer eman dezakeen eta 2019koa errepikatzea sekulakoa litzateke"

Realeko entrenatzailea