Imanol Alguacilek prentsaurrekoa eskaini du gaur, Alavesen aurkako partidaren bezperan (21:00etan). Orioko entrenatzaileak balioan jarri nahi izan du bere taldea egiten ari den denboraldia. "Ostegunean Rijekaren aurka ahalegin handia egin arren, jokalariak oso gogotsu daude. 16 partida jokatu ditugu eta bi porrot baino ez, biak bidegabeak. Horrek erakusten du taldea maila onean dagoela eta lehiakorra dela. Neurketa guztietan gauza gehiago egin ditugu irabazteko, galtzeko baino ".

Alavesek bizi duen "momentu ona" azpimarratu du Realeko prestatzaileak. "Bost partida daramatzate jarraian galdu gabe eta Madrili irabaztetik datoz. Oso jokalari onak eta indartsuak dituzte, hegaleko azkarrak eta arriskutsuak, eta Joselu eta Lucas aurrelariak oso sasoi onean daude. Partida zaila izango dugu ".

Imanol ez da ausartu bihar Alavesek zer jarrera izango duen iragartzera. "Goian estutzeko eta atzera egiteko ere gai dira. Baina aurten, presioaren edota atzera-egitearen aldeko apustua egin duten talde ezberdinekin lehiatu gara, eta beti izan gara aukera gehiago sortzeko gai "

Oriokoak ez du aitzakiarik ipini Mikel Oyarzabalen lesioaz galdetutakoan. "Pandemia dela eta, denboraldi-aurrea desberdina izan da, eta lesioak talde guztietan ari dira gertatzen. Normala baita agertzea. Gure plantillan dauzkagunak ez dira oso larriak, Mikelena barne, eta laster itzultzea espero dut, gure mesedetan. Mendizorrotzan 23 jokalari egongo dira deialdian, denak prest eta betiko asmoarekin: irabaztea ".

Entrenatzaile txuri-urdinak bihar erabakiko du hamaikakoa, "jokalariak aurrez aurre ikusi eta topera zeintzuk dauden egiaztatu ondoren". Imanolen buruan, Mendizorrotzan irabazteko ahalik eta hamaikako onena aurkeztea egongo da soilik, partidarik garrantzitsuena "beti hurrengoa baita". "Napolin irabazteko lehen urratsa Gasteizen irabaztea izango da", esan du.

Ildo horretan, emaitzen garrantzia erlatibizatu egin nahi izan du Alguacilek. "Egun hauetan Andoaingo jarraitzaile baten gutuna iritsi zait, azken urte eta erdian Realarekin bizi eta sentitzen ari dena ez duela inoiz ahaztuko esanez. Hitz horiek barru-barruraino iritsi zaizkit", esan du amaitzeko entrenatzaile txuri-urdinak.