Imanol Alguacilek prentsaurrekoa eman du (21:00etan) Vila-realen aurka Anoetan jokatuko duten partida aztertzeko. "Lehiatzeko, aurkaria baino gehiago izaten saiatzeko eta irabazteko egokiena iruditzen zaidan taldea aukeratuko dut". Oriotarrak onartu de ez dela lan erraza izango, aurrean "munduko entrenatzailerik onenetako bat duen talde bikaina" egongo delako. "Gainera, orain Unai Emeryk Imanol Idiakez du bere staffean, eta horrek hobetzen lagunduko dio".

Biharko norgehiagoka, aurreko Kontxako Banderaren errepikapen baten antzekoa izango da. "Badakit Unaik hurbiletik jarraitzen duela arrauna. Aurten beraiek (Hondarribia) eraman zuten bandera. Ea ba, gu partida irabazteko gai izaten garen ", azaldu du Oriotarren jarraitzaile leiala den Imanolek.

Partidak etengabe pilatzen diren maratoi honetan, eskakizun fisikoa handia dela aitortu du Realaren entrenatzaileak. "Ondo dakizue denok gure joko-proposamena zein den, eta horrek dakarren exijentzia. Partida asko daudenez ez da harritzekoa nekea agertzea. Arazo hori ongi kudeatu beharko dut, partida guztietan lehiakor izan nahi dugulako. Jokalari talde luzea daukagu, Sanse barne, eta hori ongi kudeatzeko asmoa daukagu, indarrik gabe ez geratzeko ".

Hala ere, Imanolek esan du ez dagoela "aitzakiarik", nahiz eta onartu "litekeena dela Vila-real freskoago etortzea". Horiek talde erdia baino gehiago aldatu zuen ostegunean Tel Aviven, Europa Leagueko partidan; Realak, aldiz, ohiko titularrekin jokatu zuen AZ Alkmaarren aurkako lehia gogorra.

David Silvak ez zuen Herbehereetan jokatu, eta bera ez egoteari egotzi zaio, aurreko partidekin alderatuta taldearen mailak behera egin izana. "Nire ustez, gure jarduna beti izan da ona, edonork jokatuta ere. Kontua da profil ezberdinetako jokalariak ditugula, eta aldaketak nabaritu egiten direla, hain zuzen ere, gure futbolariak desberdinak direlako. Ez da gauza bera Davidek, Oyarzabaekl, Januzajk edota Roberto Lopezek jokatzea. Eta ez da berdina, alboan Oyarzabal bera, Portu edota Merquelanz aritzea. Futbolariak aldatuta taldea ere aldatu egiten da, jokalarien ezaugarriak bestelakoak direlako ".