- Cadiz taldea sakon aztertu zuen atzo Imanol Alguacil oriotarrak: "Hobeto dabiltza kanpoan etxean baino. Beraien zelaian garaipen bat lortzeko gogoz egongo dira. Nortasun handiko eta oso estilo argia duen taldea dute. Ez da batere erraza izango haiek gainditzea. Talde guztiei kostatzen zaie Cadizi irabaztea, eta guri ere kostako zaigu ".

"Defentsan lan handia egiten dute eta oso arriskutsuak dira trantsizioetan. Pazientziaz jokatu beharko dugu eta baloia galtzen dugunean oso adi egon kontraerasorik egin ez diezaguten. Ez dira batere aurkari erraza. Ondotxo dakite, elkarrengandik oso gertu egon eta itxaroten. Amarru hori saihesten saiatuko gara ", gaineratu zuen Imanolek.

Alguacilek jokalarien egoera ere aztertu zuen, nazioarteko jardunaldia izan denez. "Taldea ondo dago. Lesionatuak ere osatzen: Asier Illarramendi, Sagnan, Gorosabel, Sangalli... Internazionalak ongi itzuli dira, eta Zubietan geratu direnek entrenamendu bikainak egin dituzte".

Realeko entrenatzaileak baieztatu zuenez, Sagnanen eta Le Normanden bajak kontuan izanik, Igor Zubeldia izango omen da erdiko atzelaria igandean. "Igor prest dago. Postu horretan joka-tzera ohituta dago, ez litzateke lehen aldia izango berarentzat. Eta Sansetik Urko González de Zarate igoko dugu. Eskura dugun hamaikakorik onena aterako dugu igandean, hiru puntuekin itzultzeko ".

"lehen multzoan"

Realak ligan izan duen ibilbide bikainari dagokionez, txuri-urdinen entrenatzaileak atletismoaren inguruko konparaketa bat egin zuen: "Lehen postuan joatea beti da ona, baina guk badakigu zer garen. Hau maratoi bat da, eta zortzi edo bederatzigarren kilometroan gaude. Lehen multzoan goaz, onenekin batera, eta oraingoz, maratoi erdira horrela iristeko helburua daukagu".

Txuri-urdinen artean euskara erabiltzen ote duten ere galdetu zioten teknikariari, aurkariari planak ezkutatzeko baliagarri izan daitekeelakoan. "Bai, horretan zorionekoak gara. Euskaldunak garenez batzuetan euskara apropos erabiltzen dugu arerioak uler ez gaitzan".

Imanolek gaur eguerdian iragarriko ditu Cadizen kontrako deialdia osatuko duten jokalarien izenak.

"Lehen postuan joatea beti da ona, baina guk badakigu zer garen"

Realeko entrenatzailea