- Realaren emakumezkoen taldearen entranatzaile den Natalia Arroyok gaur Santa Teresa Badajozi etxetik kanpo irabaztea espero du prentsaurrekoan iragan larunbatean Madril CFFren zelaian izandako porrotaren gakoak sakon aztertu ondoren. "Egia esan, larunbatetik asteazkenera bitartean, lanerako baliagarri diren baino egun gehiago daudela ematen du. Atseden hartzea oso garrantzitsua da, eta bidaia luzeak ez dira batere mesedegarriak horretarako. Freskotasuna berreskuratu behar da, eta oreka bilatu partida ondo prestatzearen eta animoz, buruz eta hankaz fresko egotearen artean. Porrotak beti zailtzen du guztia, baina Madrilen galdu ostean reset egokia egin dugula uste dut, Santa Teresaren aurkako norgehiagokari behar bezala aurre egiteko. Eta partidara punturik onenean iritsiko gara", adierazi du.

Nolanahi ere, denboraldi hasierako garaipenaren bidera itzultzea espero du entrenatzaile txuri-urdinak: "Badajozeko bidaiatik neka-neka eginda itzultzeko lan egingo dugu, baina tinko jarraitzeko konfiantza osoz. Denboraldiaren une berezi eta trinkoa da, baina ahalik eta puntu gehien lortzea da helburua, eta horretan saiatuko gara".

Gaurko aurkariari dagokionean, Kataluniako entrenatzaileak beraien ezaugarrien azterketa zehatza egin du: "Oso denboraldi hasiera ona egiten ari dira. Partidak oso ongi hasten ditu, eta talde arriskutsua da baloia lapurtu ostean, oso jokalari bertikalak dituelako. Oldarkortasunez defendatzen dute, bereziki etxean. Partidaren zama eta ekimena guregan utziko dute, eta zuhur egon beharko dugu. Madrilgo aurreko partida berrikusi dugu, azken emaitza horrek konfiantza-puntu desberdin batean uzten zaitu sarritan, eta guk oso zuhur egon beharko dugu. Beraiek orain konfiantza handiarekin daude gauzak ondo egiten ari direlako, eta beraien jokoarekin min handia egin diezagukete, erne egoten ez bagara. Eskarmentu handiko jokalariak fitxatu ditu, talde igo-berriek izaten dituzten gabeziak estaltzeko. Maila handia du taldeak, eta bereziki etxean, oso gogorrak dira".

ERREAKZIORAKO GAITASUNA

Natalia Arroyok onartu zuen azken porrotak, ligako txapelketa honetako lehena izan bada ere, eragina izan zuela, neurri batean, Realeko jokalariengan; halere, Realak erreakzionatuko duela uste du, eta gaurko partidan garaipena lortzeko prest izango direla: "Txakalaldia ekarri zigun; badakigu beti dagoela aukera irabazi, berdindu ala galtzeko, baina emaitzak apur bat desanimatu utzi gintuen. Halere, gauzak ondo egiten ari gara. Ez genuen partida irabazten jakin, baina horrek ez du hankaz gora bota behar orain arte ibilitakoa. Irabaztea garrantzitsua da konfiantza ematen dizulako, eta garrantzitsua da partida ona egitea gauzak egiterako orduan asmatuz gero. Ez da mesedegarria Madrildik ekarri genuen frustrazio sentsazio hori, hutsak egin genituelako, zehaztasunik gabe, eta une bakoitzean partidak eskatzen zituen erabakiak har-tzeko gauza izan gabe. Azkenean, erne egotea da kontua, eta ez da beti erraza izaten. Partidaren zamaz jabetzen jakin behar da".

20 jokalari. Realak Ligako bi partida jokatuko ditu aste honetan; gaur Santa Teresaren aurka Badajozen, 19:30etik aurrera, eta igandean Tenerifeko Granadilla hartuko du Zubietan, 12:00etatik aurrera. Zuzendaritzatik ikusle ba-tzuk sartzen uzteko asmoa iragarri arren, etxeko partida ateak itxita jokatuko da, koronabirusak eragindako pandemia oso egoera kezkagarrian dagoelako. Gaur Viejo Vivero estadio zaharrean duten hitzordurako, denboraldiko lehen porrota jaso zuen (0-1) Madril CFFren aurkako deialdira joandako 20ko zerrenda berbera errepikatu du Natalia Arroyok. Tartean, lesio baten eraginez zelaietatik aparte hilabetetan egondako Nahikari Garcia, eta agian, hamaikakoan lehen aukera izan lezakeena. Gaurko aurkaria igo berria da eta Realak baino puntu bat gehiago dauka Primera Iberdrola ligako sailkapenean, nahiz eta partida bat gehiago jokatu. Abbegondon Deportivori irabaztetik datoz (1-2).