EAJk ohiko ekitaldi politikoa egin du igande honetan Bilboko Plaza Barrian, eta bertan izan dira Aitor Esteban alderdiko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria. Hitzaldian, Estebanek EAJk "Euskal nazioaren" eraikuntzan duen lidergoa aldarrikatu du, eta jeltzaleen "anbizio nazional" historikoa azpimarratu du. "130 urte daramatzagu aurrera egiten, ekintzekin, eta gurpiletan makilarik jarri gabe", ziurtatu du. Era berean, "jatorri askotariko jendea" gure gizartean integratzeaz hitz egin du Estebanek. "Gure familia dira", esan du EBBko presidenteak. "Euskal nazioa integratzailea izan da beti. Hori izan da bere arrakastaren eta iraupenaren sekretua", gaineratu du. Buruzagi jeltzaleak bere abizenak Esteban Bravo direla gogorarazi du. "Ez dakit nor izango den hurrengoa; Agirregomezkorta, Martinez edo Garcia abizena izango duen; edo agian Hassan, Diop edo Iriarte; edo agian Dupont, Popescu, edo Barinagarrementeria, baina zalantzarik ez dudana da euren aberri bakarra Euskadi izango dela", esan du ziur.
Bestalde, Pradales lehendakariak Aitor Estebani eta Andoni Ortuzar aurreko presidenteari eskerrak emanez hasi du bere hitzaldia. Pradalesek azpimarratu duenez, "gaur herri gehiago egitea eta nazio gehiago eraikitzea tokatzen da". Pradalesek bere Gobernuak agintaldiko lehen hilabeteetan izandako lorpenak ere gogoratu ditu, eta nabarmendu du bere Gobernuak "arazoei aurrez aurre begiratzen" diela, betiere "egia aurretik" duela eta "pertsonak erdigunean" jartzen dituela. Pradalesek Pedro Sanchezi ohartarazi dionez, Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko "Euskal autogobernuaren aurrerapena oztopatzea", eta itunak egiteko egutegia "motelegi" doala kritikatu du, "Nazio bat garelako".