Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak frogatutzat jo du Valentziako PPk “iruzur egin zuela” 2007ko eta 2011ko udal hauteskundeetan, “kanpainetarako aurrekontua modu irregularrean lortutako diruaren bidez handitu zuelako”, eta haren jarduteko modua Ali Babaren kobazuloarekin alderatu zuen.

Fernando Maldonado fiskalak atzo irakurri zuen Valentziako Auzitegian bere azken txostena, auzipetuei eta Imelsa auziko A ataleko lekukoei en-tzun eta gero. Bertan daude auzipetuta Alfonso Grau Valentziako alkateorde ohia; Mari Carmen Garcia Fuster PPko udal taldeko idazkari ohia; José Salinas Valentziako Turismo Fundazioko gerente ohia; eta Juan Eduardo Santón Valentziako Erkidegoko Hiri Berrikuntzarako Fundazioko arduradun ohia.

83 urte dituen Grauri bidegabeko eralgitzea, funtzionario-eroskeria jarraitua eta dokumentuak faltsutzea leporatzen dizkiote. Fusterri funtzionario-eroskeria delitu jarraitua –urtebeteko espetxe-zigorra eskatzen zaio– eta Santoni eta Salinasi bidegabeko eralgitze jarraitua eta faltsutzea.

Maldonadok azpimarratu zuenez, “ustelkeria ekintza orok gaitzespen etiko eta moral irmoena behar du, gizartearen eta erakunde demokratikoen porrota delako. Eta politikariak, garbitasunaren eta gardentasunaren paradigmatzat, hauteskundeetara aurkezten direnean, hauteskunde-iruzurrik burutuz gero, gaitzespenak are larriagoa behar du izan”.

“2007ko eta 2011ko hauteskundeetan, beste alderdien eraginari aurre egiteko makineria jarri zuen abian PPk, abantaila ekonomiko nabarmena zuelarik. Jarduteko modu hori sakon ezagutzeko, orduko testuinguruan kokatzea ezinbestekoa da. Ez da posible udal-taldeak eskudirua erabiltzea, gerentzia nazionalak esleitzen zituelako mugak eta Valentziako alderdiaren aurrekontua. Eta zifra hori 133.000 eurokoa izan zen 2007ko hauteskundeetan eta 150.000 eurokoa 2011n; gainera, diru hori biderkatu egin zen modu esponentzialean”, nabarmendu zuen fiskalak bere hitzaldian.

Ustelkerietarako kontua

Hala adierazi zuen, udal-taldea “bi kontu korronteren titularra zela: bata, legezkoa, non diru-laguntzak sartzen zituzten; eta bestean, berriz, aholkulari gisa kobratzen zuen idazkariak, komisioak sartzen zituen, diru-ustel kopuru txikiak. Ali Babaren kobazuloaren antzekoa zen, bigarren kontu hori erabat bere nahieran kudeatzen baitzuen Garcia Fusterrek. Testuinguru horretan agertzen da Alfonso Grau –esanez jarraitu zuen fiskalak–, tokiko PPren gizon ahaltsua, hainbat kargu zituena, udaleko bozeramailea, eta fundazioak eta beste sozietate publiko batzuk zuzentzen zituena”. Ustelkeriatik zehaztu dutenez, Grauk 150.000 euroko kanpainako ekintzak aurreikusten zituen kontratua hitzartu zuen Laternerekin 2007an –deus sinatu gabe– , baina “kanpaina horrek 2,5 milioi euro baino gehiagoko kostua izan zuen. Diferentzia hori ez zuen PPk ordaindu, kontuak aztertu ditugulako, ezta Laternek ere”.

“Haritik tiraka aritu behar izan dugu Laternek hornitzaileei nola ordaindu zien ikusteko, eta, lehenik eta behin, Udalak sortutako erakunde eta fundazioen bitartez izan zen. Valentzian batere ezaguna ez zen Laterne enpresak, oso kontratu aberatsak jaso zituen modernizazio- eta turismo-planak egiteko”, nahiz eta salaketen arabera, ez zuten inolako lanik egin.

Bestalde, Udaleko obra eta zerbi-tzuen hainbat enpresa esleipendunek dirua sartu zuten Laterneko kontuetan, egiaztatu ezin izan dituzten lanengatik zirelakoan. “Datu objektiboa hauxe da: enpresa horietako bakar batek ere ez zuen inolako justifikaziorik edo fakturarik aurkeztu. Laternek enpresa horietatik jasotako diru-sarrera guztiak hauteskunde-kanpainan egin ziren. Horietako hainbat enpresekin Laternek ez zuen, ez aurretik, ez ondoren, inolako enpresa-harremanik izan”, zehaztu zuen.