Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak asteazken honetan gaitzetsi duenez, Ertzaintzako sindikatuek, “mahaian esertzen direnean, nomina besterik ez dute mahai gainean jartzen”. Gainera, EAEko Poliziaren egoerari buruzko salaketak, “zalantzarik gabe”, gehiegizkoak direla iritzi zion.

Radio Euskadin azpimarratu zuenez, Segurtasun Saila “ez da inoiz inolako mahaitik altxatu”; aitzitik, sindikatuak eurak izan dira “altxatu direnak, aitzakiak jarri dituztenak, joan eta etorri ibili direnak”. Bere ustez, zentralak “erabat baldintzatu ditu Tourra zela-eta sortu zen mugimendu asindikalak”, eta horrek “errotik aldarazi die euren estrategia”.

“Legez eratutako sindikatuak dira, hautetsontzietan lortutako ordezkaritza dutenak, urteetako eskarmentua, eta, hara non, mugimendu berri bat sortu eta goitik behera baldintzatu ditu, orain negoziatzen ari direnak ez baitu inolako zerikusirik duela urtebete planteatzen zutenarekin”, esan zuen.

Sailburuaren esanetan, Ertzaintzako sindikatuek behin eta berriz aldarrikapenaren “alderdi ez-ekonomikoak errepikatzen badituzte ere, mahaian esertzen direnean nomina besterik ez dute planteatzen, gaurko nomina, biharkoa eta etzikoa”. “Beste kontu bat da, gero, irudi publikoaren ondorioak aintzat hartuta, aldarrikapen hori gordinegia gertatzen dela, eta badakitela jende guztiak ez duela partekatuko”, zehaztu zuen.

Nolanahi ere, argi azpimarratu zuen, “Segurtasuneko Mahai Sektorialari berez dagozkion aldarrikapenak dituztenean, Saila prest dagoela entzuteko eta, noski, haien aldarrikapenak aintzat hartzeko”. Garbi utzi nahi izan zuen, “bestelako aldarrikapenak planteatzen dituztenean, esate baterako, plantillako langileentzako ordainsari-igoera orokorrak edota kolektibo batekiko edo bestearekiko parekatzeak, eskakizun horiek mahai sektorialaren mugak gainditzen dituzte, funtzio publiko osoaren aldarrikapen orokorrekin zerikusia dutelako, eta gai horiek mahai orokorrean ebatzi behar direlako”.

Ertzaintzako langile premia bezalako alderdien inguruan sindikatuek salatutako egoerak puztu egiten ote dituzten galdetu ziotenean, bere ustez “inolako zalantzarik gabe” adierazi zuen, honako hau gehituz: “kasuren bat egon daiteke une jakinen batean, baina ez beti. Inoiz gerta daiteke, opor garaietan edo ohikoak baino baja gehiago daudelako, horrelako egoera puntual bat gertatzea; ez da, ordea, konstante bat unitate gehienetan, inola ere ez”, esan zuen.

Erantzun sindikala

Bestalde, ErNEk, ESANk eta Sipek osatutzen duten Ertzaintzaren gehiengo sindikalak, bere “egoa” dela eta itsu-itsuan aurrera egitea leporatu zion Josu Erkorekari, eta “zoru-errearen politika” erabiltzea. Sare sozialak erabiliz, Ertzaintzako bake soziala “lehertu” izana leporatu zioten, berriro ere kargutik kentzea eskatuz. Talde asindikalarekin estrategia partekatzen duen Euspelen esanetan, “lan-gatazka honetako alderdien arteko urruntzea areagotu baino ez du egiten bere inmobilismoak, eta biziki zailtzen dio ondoren datorrenari negoziazioaren bidez konpondu ahal izatea”.