Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak aitortu egin zuen atzo Jose Manuel Villarejo komisario erretiratuarekin “bospasei aldiz” batzartu zela. Inolaz ere, ez omen zuen gogoratzen bilera horietan Luis Barcenas alderdiko diruzain ohia edota haren abokatu Javier Gomez de Liaño hizpide izan zituztenik, bi horienganako ustezko presioetatik aldenduz.

Cospedal lekuko gisa agertu zen Villarejo kasu marduletik bereizitako pieza bat aztertzen dabilen Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean; zehazki, Javier Gómez de Liaño, Barcenasen abokatuetako bati ustez egindako presioei buruzkoa.

Zitazioaren arrazoiak ez zituela ezagutzen esanez hasi zuen Rajoyren bigarrena izandakoak bere deklarazioa.

Behin lekukotza ematera ekarri zuenaren berri eman ondoren, ikertutakoak ez zituela ezagutzen adierazi zuen Cospedalek, eta Villarejorekin elkartu izanaren arrazoia, popularrei kalte egin nahi zieten pertsonen informazioa edukitzea izan omen zen.

Alderdiko idazkari nagusi zelarik egin behar izan zituen bilera horietan ez omen zuten inoiz Gurtel auziaz hitz egin, gai hori “prentsan argitaratutako informazioen bidez jarraitzen omen zuen”.

Gogoan izatekoa da, joan den astelehenean Villarejok lekuko gisa egindako deklarazioan iradoki zuela, Zakhar Kalashov mafia errusiarraren buruzagiak Gomez de Liañori ustez egindako ordainketa batzuen berri eman ziola Cospedali.

Bilera gehiago

Eskainitako testigantza horretan, pieza horretan bertan lekuko izandako Javier Iglesias abokatuarekin hiruzpalau” aldiz bildu zela ere aitortu zuen Cospedalek, Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiaren ordezkaria zelako.

Gainera, Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkari izandakoarekin bildu zela ere aitortu zuen Mariano Rajoyren bigarren idazkari ohiak, “alderdiaren hautagaitza bat zela eta”. Eta Eugenio Pino Poliziako zuzendari laguntzaile operatibo izandakoarekin ere elkartu omen zen, zertaz hitz egin zuten gogoratzen ez bazuen ere.

PPko buruzagi ohiari galdera egin zitzaion auzian agertzen diren grabazioetako batean aipatzen den ustezko lobby judizialaren inguruan ere, ustez PPren gertuko Estatuko abokatu ohi batek zuzenduko lukeena. Galdera egin ziotenean, Cospedalek harrituarena egin zuen, eta lobby judiziala zer zen galdetu zuen berak. Auzi horretan, Barcenasi eta Gómez de Liañori egindako ustezko presioak ikertzen ari da Villarejo auziko epailea, Alderdi Popularra nahastu zezaketen Gürteli buruzko informaziorik argitara ez zedin.

Grabazioak

Pieza hau, Tandem makro-auziaren 36. zenbakiduna, Marbellako 2 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren inhibizioaren ondorioz ireki zen, Halit Sahitaj eta Jana Kleinerren etxean sartzeko eta mia- tzeko agindua eman zen eginbide batzuen ondoren. Kontsultatutako iturri juridikoen arabera, Sahital bitartekari moduko bat omen zen, eta lotura zuzena omen zuen Zakhar Kalashov mafia errusiarreko buruzagiarekin.

Esku-hartzearen ondorioz, Javier Gómez de Liaño abokatuaren bulego profesionalera igorritako lau audio-artxibo eskuratu zituzten ikertzaileek.

Grabazio horiek “agerian utziko lukete Alderdi Popularrarekin lotura duten pertsonek enkargu bat egin zutela, Luis Barcenasek eta Javier Gómez de Liaño abokatuak -presio bidez - Gurtel sarearekin lotutako PPrentzat informazio konprometigarriak argitara ez ateratzea”.