Juan Carlos I.ak datorren astean Sanxenxora (Pontevedra) egingo duen bidaiaren berri komunikabideen bidez jakin omen zuen errege-etxeak, eta, albistea zabaldu bezain laster, errege emerituaren hurbileko norbaitek jakinarazi omen zion Zarzuelari, Abu Dhabin bizi denetik Espainiako Estatura egingo duen bigarren bisitaren zehaztapenak. Bide batez, bidaia berri hori herritarrei azalpenak emateko baliatzeko eskaria luzatu zion atzo Espainiako Gobernuak estatuburu ohiari.

Juan Carlos I.ak duela aste batzuk jakinarazi zion Zarzuelari, behin maiatzaren 28ko udal eta autonomia hauteskundeak pasa ondoren, ekainean Sanxenxora itzultzeko asmoa zuela, bertan egiten diren estropadetan parte hartzeko.

Inolaz ere, emerituak bere asmoak aldatu egin ditu, Karlos III.a errege britainiar berriak bazkari pribatu batera gonbidatu baitu datorren asteartean, hilak 18, Londresen; eta handik, hurrengo egunean bertan, Pontevedrako Sanxenxora joatekoa da, lagunekin elkartu eta Bribonen ontziratzeko.

Ontzi horrek parte hartuko duen Espainiako Kopako estropada amaituko den igandea, hilak 23ra arte, luzatu nahi duen egonaldi horren egokitasunari buruzko iritzirik ez dute eman nahi izan Felipe VI.a erregeren ingurutik; bidaia pribatua dela adierazi dute, eta hark egindakoak bere erantzukizunpekoak direla.

Bestalde, aurrez adierazitako jarrerari eutsiz, bere iraganeko jokabideari buruz errege emerituak espainiarrei azalpenak eman beharko lizkiekeela uste du Pedro Sanchezen Exekutiboak. Ez du, ordea, datorren astean Espainiako Estatua bigarren aldiz bisitatzeko iragarri duen asmoa kritikatu, Zarzuelak bezalaxe, erabaki hori haren “esparru pribatukoa” delakoan.

“Gobernuak askotan adierazi du errege emerituaren jokabideari buruz aspaldi zabaldu ziren gertakariei buruzko iritzia, eta guk gurearekin jarraitzen dugu” besterik ez zuen adierazi Isabel Rodriguez ministro bozeramaileak atzo, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan gai horren inguruko galdera luzatu ziotenean.

“Zeren azalpenak?”

2020an Arabiar Emirerri Batuetara joan eta, aurreko maiatzean Estatura egin zuen lehen bisitaren atarian esan zuen Exekutiboak publikoki, damu-adierazpenen bat egin beharko lukeela aukera aprobetxatuz; ez zen, ordea, halakorik gertatu. Are gehiago, kazetariek horren inguruan galdera egin ziotenean, Juan Carlos I.ak hauxe esan zuen: “Zeren azalpenak?”.