Donostia – Ertzaintzaren zenbait unitateren lan-karga “izugarrizkoa” da ESAN sindikatuak atzo Oiartzungo eta Zumarragako ertzain-etxeetan egindako elkarretaratzeetan salatu zuenaren arabera, besteak beste, agenteen familia-kontziliazioa eragozten duelarik. Zentraleko ordezkariek bi elkarretaratzeak egin zituzten “Aski da, konponbideak” leloa zeramaten pankarta ondoan zutela, aste libreetan lan-kargak pilatzea eta errefortzuetarako gehiegizko deiak saihestea eskatuz Segurtasun Sailari.

Salatu dutenez, aurten Gipuzkoako trafiko-unitatean 1.000 deitik gora egin dira aste libreetan; eta Bizkaian 168 izan dira soilik uztailean. Horregatik gaitzetsi nahi izan dute lan-karga “izugarrizko” hori, “ertzainak nekeak jota egotera, eta familia-kon-tziliazioa baztertzera daramatzalako”.

ESANek gogora ekarri zuen ertzainek urteko 1.592 orduko lanaldia dutela ezarrita, eta” nahitaezko errefortzuek urtez urte igo egiten dute lanaldia”, arazo hori plangintzarik ezari eta gehiegizko burokraziari egozten diotelarik. Ertzaintzaren Zuzendaritza berria izendatu zenetik sei hilabete baino gehiago pasa direla aipatu ondoren, argi utzi nahi izan zuten “edozein unitatean, kasu honetan trafikokoan, urte erdia pasatzerako aste libretako mila deira iristea ez dela gertatzen plangin-tza txarra delako, plangintzarik ez dagoelako baizik”.

“Ertzain batek ezin du onartu, familia-kontziliaziorik eza eta laneguneko gabezia guztiak, bere lanpostuari dagozkion eta normaltzat hartu beharreko baldintzak direnik”, gaineratu zuten ESANeko ordezkariek. Horregatik guztiagatik, Er-tzaintzako zuzendari Victoria Landa “non dagoen” galdera luzatu zuen sindikatuak, lehenbailehen “erabakiak hartzeko” eskatuz.

Arazo gehiago

Kaleratu duten ohar batean azpimarratu du ESANek, urte erdi igaro dela Landa Ertzaintzako zuzendari postura iritsi zenetik, jarraian gaineratuz: “Ertzaintzan esperientzia handiko pertsona izan arren, nahitaez errespetatu behar zela kortesiazko epe muga hau”.

Hala eta guztiz ere, euren iritziz, “aldaketarik batere ez egiteaz gain, arazoak areagotu egin dira, lan-egitura datu estatistiko hutsetan oinarri-tzen baita oraindik, premiazkoak eta agerikoak diren egokitzapenik burutu gabe”. “Gervasio Gabirondok presente jarraitzen du, agian jarrera atseginagoan, baina bertan”, esanez amaitu zuten. Protesta-ekintza horiekin jarraitzeko asmoa ere azaldu dute, Euskadi zeharkatzen duten Espainiako Vueltako etapetan. – M. Tolosa