Joan den astean Laura Borràs alderdiko presidentea kargutik kendu ostean, Jaume Alonso-Cuevillas Kataluniako Parlamentuko Junts alderdiko diputatuak atzo adierazi zuenez, bere alderdiak ez omen du aldi baterako ordezkorik bilatuko Ganberako Presidentetzan. “Ez dugu horrelakorik egingo. Erabateko salbuespen-egoera bat estaltzea eta zuritzea litzatekeelako”, adierazi zuen.

“ERCk bere kabuz kendu du presidentea kargutik, erabaki politikoa da”, kritikatu zuen Catalunya Radion egindako elkarrizketan, Alba Vergés (ERC) Kataluniako Parlamentuko presidenteordearen jarreraz galdetuta. Izan ere, ostegunean formula bat proposatzeko eskatu baitzion Juntsi, alderdiak presidentetza har dezan.

Cuevillas da Mahaiak zilegitzat jo izan balu Borràsen kasua jorratuko zukeen batzordeko burua, eta bere hitzetan Mahaiak Juntseko presidentea zuzenean bertan behera uztearen helburua “larritasun-maila bereko gertaera bat estaltzea izan da, hain zuzen ere elkarrizketa-mahaian hi-tzartutako akordio batzuk”, aldebakarreko bideari uko egin eta konstituzio-esparrua onartzea dakartenak.

Bere ustez, Moncloaren eta Generalitatearen arteko akordio horiek ERCrentzat “ziklo amaiera ekarri dute independentzia lortzeko ahaleginean, non eta ez den elkarrizketa-mahai batean Espainiarekin adosten”, eta, bere iritziz, horrek ez omen du inolako fruiturik ekarriko. Horregatik leporatu zien Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eta haren ministroei, mahai horri publikoki iseka egin izana, joan den uztailaren 27an egindako hirugarren bileran ERCko buruzagiak eta Sanchezen kabineteko kideak bakarrik egon zirela salatuz.

Gatazka konpondu Kataluniako Parlamentuko CUPeko bozeramaile Eulàlia Reguantek, Laura Borràs diputatu eta Parlamentuko presidentea kargutik kentzearen ondorioz sortutako “gatazka konpontzeko” eskaria luzatu zien ERCri eta JxCati, egungo bitartekotasun egoerak “ez diolako batere mesederik egiten erakunde horri, galdutako sinesgarritasuna berreskuratzen”. Reguant arduratuta agertu zen, ustelkeriagatik ahozko epaiketa irekitzen diotenean diputatu bat baztertzera behartzen duen erregelamenduaren 25.4 artikulua aplikatuz, presidentearen kargu-uztearekin. Bere esanetan, ERCren eta JxCaten arteko legealdiko akordioan Parlamentuko Mahaiko karguen banaketa jasota dagoenez, “eurek konpondu behar dute gatazka hori”, CUPek argi esan zuelako “ez genuela Borras presidente izateko bozkatuko”.

Bestalde, Alícia Romero PSCko bozeramaileak Borràsen jarrera “miserablea” zela esan zuen, eta bitartekotasun egoera saihesteko kargua uzteko eskatu zion. “Hain patriotikoa bada, dimisioa aurkeztu beharko luke”, adierazi zuen.