Mugaz gaindiko istorio musikatuak
Jon Artolak eta Jabier Leozek Jokai konpainia sortu zuten duela lau urte. Beraien lehen proiektua euskal mitologia erakustea izan zen, zurez egindako jostailuen bitartez. Duela bi urte konpainiak pausu berri bat eman zuen ‘Mugarri’ izeneko antzerki ikuskizun musikala sortuz. Orain, disko bezala aurkeztu dute Durangoko Azokan
Mugak espazio desberdinak zehazten dituzten lerro natural edo iruditeriazkoak izaten dira. Plano fisikoan herrialde bat bitan zatitzen dituztenak bezalakoak egon daitezke, Euskal Herrian gertatzen den bezala. Beste muga batzuk gure barruan izaten ditugu, lorpenak zailtzen dizkigutenak eta gainditu beharrekoak direnak hazten jarraitu ahal izateko. Ondo ezagutzen dituzte muga mota desberdin hauek Jokai konpainiako partaideek, lanketa prozesu desberdinetan ardatz izan baitituzte azken urteetan. Zurezko jostailu instalazioen bitartez euskal mitologia ezagutarazteko proiektu bat bezala jaio zenak, denborarekin garapen bat izan du antzerki ikuskizun musikal batera salto eginez. Ze izen egokiagoa konpainiaren taula gaineko lehen sormen lanarentzat Mugarri baino. Hamar abestiz osaturiko obrak, mugen inguruan gertaturiko istorio desberdinak kontatzen ditu, aktore lan baten eta musikaren bitartez, orain disko bezala aurkeztu dutena Durangon ospatu berri den azokan.
“Mugarri antzerki ikuskizun musikal bat da. Musikalki hamar abesti ditugu, bederatzi gureak dira eta hamargarrena oso abesti berezia da: La pastora de Ibardín, Fermin Valenciarena. Inflexio puntu bat izan zen proiektuan, nafarrentzat beti garrantzitsua izan den abestia baita. Gaztelaniaz idatzitako abestia da, hortaz, keinu bat egin nahi izan genuen eta proiektua ehuntzen hasi ginenean, abesti horrek berrogeita hamar urte betetzen zituenez, euskarara itzuli nahi izan genuen. Igor Telletxearekin konponketa bat egin genuen eta gero Julen Lezaok itzulpena egin zuen. Ferminek ere parte hartzen du, eta oso berezia da guretzat. Gainerakoak bederatzi abesti dira eta kantuen artean antzezlana tartekatzen da, bi pertsonaia egiten dituen aktore batekin”, Jabier Leozek azaldu bezala. An-tzerki ikuskizunak gerraostetik hasi eta gaur egunera arteko hainbat istorio kontatzen ditu: batzuk benetakoak eta beste batzuk sinbolikoak.
PROZESUA, PATXADAZ
Jokai konpainia duela lau urte jaio zen, hain zuzen ere. Aurretik, bi urteko lan bat egina zuten beraien lehen instalazio parte-hartzailea prestatzen. Jabier Leoz Jon Artolarekin batera jolas instalazio batekin hasi ziren, eta lehen lan horrekin mitologia jokoaren bidez kontatzea nahi izan zuten. “Konpainia txikia garenez, gauzak gustura, ondo eta presarik gabe egiten saiatzearen aldeko apustua egiten dugu. Lehen proiektuaren prozesu horrek bi urte baino gehiago iraun zuen, pandemiaren erdian gertatu zelako” Leozen hitzetan. Aurrera pausu bat emateko helburuarekin, eszenara jauzi egin nahi izan zuten eta beraien lehen musika eta antzerki ikuskizuna makinatzen hasi ziren. “Jon Artola beratarra da, eta horregatik beti egon gara harremanetan Bera herriarekin. Niri beti deigarria izan zait bertan dagoen Frantziarekiko muga, beste mundu batera goazela dirudien espazio hau. Oso gertu gaude bi aldeetakook, baina aldi berean oso ezezaguna da eta beste aldeko jendearekin lan egin nahi nuen ere. Hori dela eta, fokua leku honetan jarri genuen, istorio desberdinak berreskuratuz”.
Ikuskizuna duela urtebete baino gutxiago estreinatu zen, eta oso harrera ona izaten ari da, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik. “Oso pozik gaude emaitzarekin, hainbat data programatuta ditugu. Jokai konpainia bezala, gure lehen antzerki ikuskizun musikala da. Horrek askatasun handia ematen dizu, zerotik hasten zarelako lan egiten” konpainiako sortzaileetariko baten hitzetan. “Guretzat erabateko estreinaldia izan da Durangokoa. Disko bat aurkeztu dugu, eta agian esploratzeko irekita gauden bide bat zabaltzen ari gara. Disko hau publikoaren maitasunetik atera da. Ikuskizuna egin dugunean, publikoak esaten zigun musika asko gustatzen zitzaiola eta ea grabatuta geneukan etxean entzuteko. Publikoaren ekitetik eta maitasunetik abiatuta, sei kantu grabatzea erabaki genuen. Guretzat harro egoteko modukoa izan da Durangon egon ahal izatea, musikaren munduan hain erreferentziala den azokan; hau guretzat lanean jarraitzeko eta sortzen jarraitzeko motibazioa da”.
Diskoan dauden abesti guztiek mugak dituzte amankomunean eta hainbat arrazoirengatik hauek zeharkatu behar izan dituzten pertsonak, arrazoi politikoengatik dela, sozialengatik edo ekonomikoengatik. Jabier Leoz-ek azaltzen duenez, “denok gara migratzaileak eta batzuk mugak zeharka-tzen ditugu. Fokua hor jartzen da.
Muga inguruko jendearekin batera ikertu dugu, haien istorioak kontatu baitizkigute, beraien aitona-amonek edo gurasoek egiten zutena, eta oso interesgarria izan da prozesua. Adibidez, Bidasoa abestiarekin, orain Bidasoan bizitzen ari den errealitatea kontatzen dugu, non harrera zentro bat dagoen. Edo Amets Arzallusen Miñan liburua ere.
Gure obrarekin, muga honetan jartzen dugu fokua, munduko edozein mugatara estrapolatzen dugula. Irunen gertatzen ari dena, Egipton gertatzen ari da, Gazako pasabidean gertatzen ari da, Mexikon, eta munduko muga guztietan gertatzen ari da. Hori kontatu nahi genuen, gure tokitik, edozein mugatara zabalduz.