Filosofiaren eta pentsamenduaren alorrean kokatu izan dira tradizioz aforismoak. Zama moral handiko esaldi sendoak. Baina bada bide berririk aztertu duenik, hitzarekin jolasean, ironiari leku eginez bestelako aforistika bat proposatzen ari denik. Filosofia ikasitakoa den arren, beste ildo horren artean da Oihane Zuberoa Garmendia (Erronkari, Nafarroa, 1993). Pamielaren eskutik heldu da Garmendiaren lan berria: Apurkinak. Argitalpenarekin “bertigoa” sentitzen duela adierazi du, euskaraz hain ohikoa ez den formatuarekin baitator. Aforismoez gain, Andrea Olaizen irudiak ere jaso ditu liburuan.
Liburua irekitzeko ‘Apurkinak’ hitzaren zenbait adiera jaso dituzu: apurrak, hondakinak, ezpalak, gauzatxoak, egurkiak… horietatik gehienak erronkarieratik. Etxera jo duzu tituluaren bila?
Nahiko amaieran etorri zen izenburua. Normalean agobiatu egiten naiz uste dudalako ez dudala asmatzen. Gero ez da hain garrantzi-tsua. Nahi nuen liburu barrukoa biltzen zuen zerbait: esaldi laburrak dira, txikiak, apurtuta daude… guk etxean askotan erabiltzen dugu apurkin hitza, baita gazteleraz ere. Ez dago oso zabalduta, baina uste dut jendeak hitza irakur-tzean ulertuko duela. Bada, era berean, etxeari eta herriari omenaldi bat.
Eta ixteko, kontrara, zuk zeuk osatutako beste hainbeste adiera.
Aforistek edo labur idaztek dutenek izen propio bat ematen diete beraien aforismo edo testuei: gregeriak daude, aerolitoak, glorieriak… eta pentsatu nuen nireak apurkinak izango zirela.
Zer dira, ordea, aforismoak? Nola sailkatu behar ditugu? Poesia? Ahots poetikoa?
Kuriosoa da, adibidez, liburutegietan ez dagoelako aforismoen apalategi bat edo sail bat. Ba-tzuetan narratibarekin jartzen dituzte, beste batzuetan poesiarekin. Nahiko esanguratsua iruditzen zait ez-definizio horrek definizio bat ematen diolako aldi berean. Badauka prosatik, badauka filosofiatik, badauka pentsamendutik baita poesiatik ere. Egia da tradizioz aforistak pentsalariak izan direla, eta haien aforismoak erranahiru bezala erabiltzen zituzten, etikari lotuta askotan. Baina egia da ere bai XX. mendetik aurrera, asko eraldatu dela, eta gaur egun egiten den aforistika oso gertu dagoela poesiatik. Nireetako asko poema bihurtu aurreko zera bat dira.
Etika aipatu duzu, baina, zureei, ironia eta umore kutsua darie. Beste batzuetan hitzekin jolastu zara.
Badago aforistika bat oso… ez dakit nola esan: Cioran, Nietzsche, Schopenhauer… oso trinkoak, serioak dira. Eta gero badago beste ildo bat edo, umoretik lantzen dituztenak. Ni, nahi gabe hara lerratu naiz. Denetarik dago, hala ere. Poesiaren tradizioan badago joera poeta tristearen irudia eta maiteminarena. Hori badago, ez dut ukatzen, baina nahi nuen alde jostari hori atera.
Irakurketa pausatua gomendatzen duzu. Enpatxorako arriskua dagoelakoan. Nola irakurri behar dira aforismoak, orduan?
Bakoitzak irakurri dezala nahi duen moduan [barreak]. Baina ez baduzu nazkatu nahi, pixkana irakurri behar dira. Oso motzak dira, baina behar dute beraien espazioa eta oihar-tzuna. Sentsazioa dut bata bestearen atzetik irakurrita, aurrekoa ahaztu egiten zaizula. Egia da, nik aforismo liburuak ziztu bizian irakur-tzen nituela. Gero, hasi nintzen puntu batekin markatzen gustatzen zitzaizkidanak, eta noizean behin horiek irakurtzera itzultzen naiz. Lagunek ere esaten didate ongi dagoela pixkanaka irakurtzeko. Batez ere ohituta ez bazaude halako genero minorra irakurtzera. Gero, kapituluak egin ditut, baina ez dute ordenarik. Ez dago hasieratik irakurtzen hasi beharrik. Atzetik, edo orri sueltoka irakur daitezke.
Euskaraz gutxi landu dira aforismoak, izen horrekin behintzat, eta, are gutxiago, bilduma modura datozen liburuak. Zer ekarpen egin diezaioke aforistikak euskal literaturari eta irakurleari?
Ni aforismoen oso zalea naiz eta asko irakur-tzen ditut. Gehien bat gaur egungoak irakurri ditut, eta gehienak poesiatik datoz. Gazteleratik zetorren aforistika hori euskaraz egin nahi nuen. Izan daiteke ni orain ari naizela deskubritzen, edo gero eta gehiago daudela horrelakoak. Baina, Sarrionandiak aspaldi idazten zituen halakoak, eta gurean oso kanonikoa da. Ez dakit nik zerbait berri-berria ekartzen ari ote naizen. Hala esaten diegu nonbait sailkatzeko, baina dira hausnarketa txikiak, zatikiak… asko apunteak dira. Eta lehen, agian, bueltatu egiten nintzen apunte horietara gero zerbait [poesia] idazteko. Baina iruditzen zitzaidan askotan betelan asko egiten nuela zerbait esateko. Hasi nintzen nire buruari galdetzen: “Zertarako?”. Batzuetan ez dago espaziorik esan nahi duzuna indartzeko, eskeletoarekin nahikoa izaten da. Aforismoak hori dira: eskeletoak.
“Aforismo bilduma batek baratxuri txirikorda baten antza du[…] independenteak dira, baina elkarri lotuta datoz emanak”. Halaxe dio zure aforismo batek. Zerk lotzen ditu kasu honetan?
Pentsatzen dut ni poetikoa izango dela. Oso ohikoa da aforismoak handik eta hemendik aurki-tzea, baina ez hainbeste aforismo liburuak. Oso erronka handia izan da horiek nola txirikordatu. Lehen koadernoan baina orain ja Whatsappean apuntatzen ditut. Gaika: herio-tzari buruzkoak, maitasunari buruzkoak, eguneroko gauzak, kontu filosofikoak… Hori idazlearentzat oso erosoa da, baina irakurlearentzat ez. Azkeneko aforismoa da beste aforista bati lapurtu diodan aipua. Berak dio zapata kutxa batean sartzeko urteetan entzuten eta irakurtzen dituzun aforismoak. Denak nahastu eta ateratzen joateko esaten du. Bada, an-tzeko zerbait egin nuen: inprimatu eta moztu nituen, kutxa batean sartu, eta ateratzen hasi nintzen. Bost kapitulu daude bost zerrenda egin nituelako. Apurka-apurka joan nintzen bata bestearekin lotzen. Konbinatoria guztia probatzen joan nintzen: ausa kontrolatu bat dela esan daiteke.
Elkarrizketa egiten ari garen egunean liburua oraindik ez dugu eskuartean. Argazkietarako liburuarekin lotura zuen zerbait behar genuen. Aterki bat eta ogi barra bat ekarri dituzu. Zergatik?
Egia esan ez nekien zer ekarri. Objektu pila bat ageri dira liburuan, eta, zer aukeratu? Oso ani-tzak dira gaiak. Baina gero pentsatu nuen eguneroko zerbait ekartzea, hori delako liburuaren mezua: mundua aforismoz beteta dago. Kamera batekin bezala, argazkia harrapatu egin behar duzu, bestela egunerokoa pasatzen da. Bada, apurrak ekar-tzea pentsatu nuen baina apurrak bere horretan zailak ziren, beraz, ogi barra bat. Uso pila bat dago eta apurrak jaten ari ziren, eta ni pixka bat uso horiek bezala sentitu naiz liburu hau egiten. Bestea, aterkia, aforismo bati erreferentzia egiteko. “Euria eleganteagoa da euritakoak daudelako”. Iruditzen zait labur idaztean ere badagoela elegantzia moduko bat, eta, bada beraz, elegantziaren aldeko aldarri bat da. Edo alferkeriaren aldekoa.
Zeintzuk dira esaten dituzun gai horiek?
Betikoak: harremanak, heriotza, denbora, egunerokoa, pentsamendua, poesia… Beti ari gara gauza berdinei buruz hitz egiten. Kontua da nondik hitz egiten dugun. Asko metaforak dira; zeren, metaforarik gabe, ez naiz ezer. Saiatu naiz topikotik urruntzen, edo, intentzioa, behintzat hori izan da.
Aipatu duzu, eta liburuan ere ageri da, egiturak eta kopiatu dituzula batzuetan. Zer lizen-tzia hartu duzu kopiatzeko?
Autore batzuei egiten dutena kopiatu diet, zuzenean. Ramón Gómez de la Sernak, adibidez, gregeriak egiten ditu. Agian umeen-tzat egin izan dira, helduentzat ez hainbeste. Harkaitz Canoren azkenengo liburuaren [Ulu egiteko bolondres bila, Susa, 2023] azken zatiak: Klarionen laborategia. Apunteak dira, aforismo modukoak. Ohartu nintzen berak egiten zuen zerbait nik ere egiten nuela. Gauza ederra iruditu zitzaidan baina, klaro, berak egiten zuen, orduan ezin zen. Beste batzuei ere irakurri dizkiek Canok egiten zituenak, eta ondorioztatu nuen bazela haiei nolabait kopiatutakoa. Ohartu nintzen etengabeko berridazketa bat dagoela ni poetiko horren filtrotik pasatzen dena. Bada psikologian kontzeptu bat, literaturara ekarri daitekeena: kriptonesia. Zuk ahaztu egiten duzu zerbait kanpotik jaso duzuna eta uste duzu zurea dela. Hori gertatu izan zait. Ideia on bat izan dut, eta gerora, beste autoreren bat irakurtzen, kontura-tzen naiz beste norbaiti nahi gabe kopiatutakoa dela. Baten batekin gertatu zain kontrakoa, pentsatzea beste norbaiti lapurtutakoa dela, baina jatorrizko iturria topatu ezin ibili naiz. Beraz, aforistaren batek irakurtzen badu nire liburua eta iruditzen bazaio bere aforismoren baten antza duela, baliteke kopiatu edo lapurtu izana.
Kopiatzea ez ote da, azkenean, aitortza bat egiteko modu bat?
Cano eta Gómez de la Serna nire erreferenteak dira eta sartu nahi izan ditut. Horiek bezala beste asko, eta badaude ahots horiek guztiak nirearekin nahastuta.
Zer gertatzen da irakurleak ez baditu erreferentzia horiek identifikatzen, eta zure gisakotzat hartzen baditu?
Amaieran eskertza sartu dut, eta esaten dut nahita edo nahigabe kopiatu ditudala. Letra etzanean, edo erreferentzia zuzena eginez ager-tzen dira gehienetan. Nik kopiaketa lana zintzotasun batetik egin dut, hortik egiten bada, egin daiteke.