Ekain Irigoien Alkiza (Donostia, 1981) zine zuzendari eta gidoilari bezala egin da ezagun . Hala ere, berak nahiago izaten du bere burua telebistako errealizadore gisa aurkeztea. Izan ere, Bartzelonan zinemarako gidoigintza eta errealizazioan espezializatzeko ikasketak egin zituenetik etengabe ibili da telebistan lan eta lan. Bere hasierak ETBn eman zituen, Goenkalen errealizadore eta Wazemank-en gidoilari lanak beteaz. Eta aspaldian, Karlos Arguiñanoren errealizadore lanetan dabil.

Zinemari dagokionez, 2016. urtean Kalebegiak film kolektiboaren gidoilari eta zuzendarietako bat izan zen, Julio Medem, Gracia Querejeta, Imanol Uribe, Koldo Almandoz edota Asier Altuna bezalako zuzendariekin batera, besteak beste. 2020. urtean berriz, Hijos de Dios filma aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian, Madrilen bizi ziren hiru etxegaberi ahotsa eta gorputza emanez. Aurten, Europa film laburra aurkeztu berri du Zinemaldian, aurrez beste zinemaldi ugaritan aurkeztua eta saritua izan dena.

Orain bi film luzeren gidoiak lantzen dihardu Arguiñanoren programan lanean segitzen duen bitartean. SASIAK izenburua du batek, eta hainbat bortxaketa egin izanagatik 15 urte espetxean eman eta bere amaren baserrira itzultzen den gizon baten istorioa dakargu, bere amaren ikuspegitik kontatzen dena. Bigarrenak, aldiz, OTSOAK ETA KOROAK du izenburua, eta Joan Mari Irigoienen - bere aitaren - eleberriaren egokitzapena da.

  • Abesti bat: Michael Kiwanukaren Cold Little Heart.
  • Musika talde bat: Coldplay eta kolorez beteriko bere unibertsoa.
  • Liburu bat: Laurent Bineten HHhH (Himmlers Hirn heißt Heydrich), 2010ean Goncourt Saria irabazi zuen eleberri zoragarria. Euskaraz irakurtzeko, nire aitaren Ipuin batean bezala.
  • Antzezlan bat: Edward Albeeren The goat, or who is Sylvia?. 2005ean Bartzelonan bizi nintzen garaian izan nuen antzezlan hau ikusteko aukera: La cabra, o qui és Sylvia? izenburupean, eta izugarri gozatu nuen. Gogoan dut garai hartan Josep María Pouk zuzentzen zuen antzezlana zela.
  • Film bat: Yorgos Lanthimos en Langosta.
  • Telesail bat: Mad Men.
  • Kultur espazio bat: Etxe azpian daukadan Trueba zinema aretoa.