Laura Penagos (Suesca, Kolonbia, 1989) antzezle-sortzailea eta irakaslea da. Bogotako Teatro Libre Eskolan graduatu zen, eta berehala hasi zen antzerki irakaskun-tzan. Kolonbiako hainbat unibertsitate entzutetsuetan lan egin du irakasle, eta hainbat muntaia profesionaletan aritu da aktore gisa. Ondoren, besteak beste, Workcenter Grotowski eta Thomas Richards taldeekin jarraitu du bere trebakuntza, Bar-tzelonan eta Italian. Gorputz eta ahots formazioak ematen ditu antzezle eta eszena arloan Euskal Herrian. Horretaz gain, euskarri anitzetarako testuak idazten ditu eta euskararen eta migrazioaren inguruko hitzaldiak ematen ditu. Euskal Herrian hainbat antzezlan plazaratu ditu: 2021 -2022 urteetan antzerki-bira egin zuen Atzerrian lurra garratz obrarekin, Artedrama konpainiaren eta Huts Teatro plataforma eszenikoaren eskutik. Bestetik, Behi Jasa obran lanean dabil Boga-Boga Produkzioak konpainiarekin. Orain, Putaren bakarrizketa eroetxean ari da aurkezten. Gainera, lanerako darabilen metodologia ikertzen jarraitzen du bere prestakuntzari eta bere sormen-prozesuei begira. Ikus entzunezkoen alorrean hainbat proiektutan hartu du parte: Krak eta Antes Yo film laburrak eta berriki estreinatu den Azken Erromantikoak pelikula.
Abesti bat: Negua udaberrituko da (Mice). Orokorrean, Miceren ahotsa oso hipnotikoa eta ederra iruditzen zait, eta limurtu egiten nau. Horretaz gain, poesia da, irudiak airean daude. Metafora bakoitzak mugitzen nau eta nire gorputzak gehiago eskatzen dit. Abesti hau normalean oso bolumen altuan entzuten dut etxean.
Musika talde bat: Ibon RG eta Garazi Navas ( iaquin vahu). Iruñean, Kondestablen aukera izan nuen ikusteko eta oso hunkituta atera nintzen. Bernard Etxepareren Galbaheak lana soinu-bizipen kitzikagarri bihurtzen du. Giro sakona, poetikoa eta magiaz beteta. Altxor bar da.
Liburu bat: Juana (Jon Artano). Istorioa interesgarria bezain gogorra da: emakume bat, heroina bat, Kolonbian boterearen aurka borrokatzen. Horretaz gain, Artanoren ikerketa oso sakona eta zehatza da. Oso ongi dokumentatuta dago liburua, merezi du.
Antzezlan bat: Artxibo biluzia ( Metrokoadroka). Konferentzia performatibo bat da, abiapuntu oso erakargarria iruditzen zait. Gero eta gehiago interesatzen zaizkit lan performatiboak. Ikusleek paper aktiboa daukate. Ikuspegi interesgarria da eta lengoaia eszenikoa oso koherentea dela uste dut.
Film/telesail bat: Adarrak Dantzan (Beatriz De La Vega, film laburra). Euskal Herriko jatorri xamanikoari buruzko film laburra da, eta landa-inauteriak ditu hizpide. Altsasuko jai herrikoi honen bitartez, bere protagonistaren, momotxorroaren, eta historiaurreko lehen tribuek haitzuloetako hormetan pintatutako azti adardunen inguruko istorioa kontatzen du. Liluragarria da; boteretsua eta mistikoa.
Kultur espazio bat: Plaza bat, kale bat. Kalean hazi eta hasi nintzen sortzen eta antzezten. Espazioa politikoa aldarrikatzeko gaur egun. Espazio herrikoia da, denontzat, denok sartzen gara bertan. Kulturak eta arteak presentzia gehiago izan behar du kalean eta plazan. Horrela jaio ziren, hain zuzen, antzinako zibilizazioak.